Ino udaletxera


Goienkaria, 2008.06.27

Sinadura eman nuen, baina gero ezin udalean agertu,
lan-kontuek Donostian lotuta. Zilegi bekit orain pulpito hau
erabiltzea, ekimenarekin bat natorrela adierazteko.

Arrazoi ugari dugu boladan haserre ibiltzeko. Espainiar
estatua bere aurpegirik beltzena ari zaigu erakusten euskaldunoi, eta
gurekiko ia dena da debekua, kartzela eta ukazioa. Baina ni Inorenak
bereziki asaldatu ninduen, indar erakustaldi gisa egin zutelako. Ino
kargutik kendu behar zuten eta, bide normalak antzu agertu zirenean,
ez zuten inongo begirune etikorik izan bide anormaletara jotzeko.
Inpunitatea dute, Espainiako iritzi publikoa mendean hartuta.

Indarraren kontra, duintasuna gelditzen zaigu. Eta
irmotasuna. Duintasun irmoz nahi dugu Ino Arrasaten, alkate.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eguraldi kontuak

Duela lauzpabost urte sekulako uda
beroak egin zituen. Eta orduan klima aldaketaren gaineko hipotesiek
zioten eguraldia tropikoetatik poloetara ari zela mugitzen. Beraz,
labur esateko, guri zetorkigula Errioxako klima. Pentsa nolako
albiste ona zen hori mahatsa sartu berria nintzen honentzat!

Baina gutxi iraun dit zorionak. Azken
hiru urteetan udaberri erabateko txarrak egin ditu, juxtu mahatsondoa
loretik frutara ari denean. Eta gorrinarekin sekulako sustoak hartu
ditugu, eta borroka galantak egin behar izan, azkenean emaitza
erdipurdikoak lortzeko.

Aurten ere kaltea egina dago. Ea
loteriak zer dakarkigun Sanmigeletan! Bide batez, nire elkartasuna
errioxarrei. Haien sanoa guri etorri partez, gure gorrina joan
baitzaie hara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Apalago

Goienkaria, 2008.06.13

Botako diogu grebaren errua hango edo
hemengo gobernuari, garraiolariei edo Maria Santisimari. Eta lasai
geldituko gara, hiritar zentzuzkoaren kontzientziarekin. Baina
alferrik da.

Urte osoan jan nahi dugu tomatea,
munduko beste puntatik ekarri behar bada ere. Ez dugu autoa geldirik
uzten, ezta deskuidatuta ere. Ordaindu dezakegun guztia nahi dugu,
juxtu eta larri ibili behar badugu ere. Eta aski zaigu norbaitek
alarma txikiena piztea dendetako apalategiak husteko, atzetik
etorriko denaz akordatu ere egin gabe. Hori bai, zerbait okertzen
bada, aurkituko dugu nor izendatu errudun.

Ingurukoa jan, gutxiago eta hobeto
mugitu, ahal baino maila bat beherago ibili, lankidetzan antolatu…
Badago bizitzeko beste modu bat, apalago eta alaiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Tranbiaren zain

Goienkaria, 2008.06.06

Azken
GOIENKARIAk zekarren azpiegituren publi-gehigarrian, arretaz
erreparatu nion tranbiaren gaiari, ea publizitateaz gain informazio
zerbait ba ote zetorren. Eta aurkitu nuen aspaldiko leloa Garraio
Sailburuaren

ahoan:
‘Hobe
da ondo adostutako proiektua, horrek eraikitzea atzeratuko duen
arren’.

Izango
dira 10 urte tranbiaren egitasmoa abiatu zela, eta badatoz 4
lehenengo proiektua jendaurrean erakutsi zenetik. Eta, gezurra
badirudi ere, oraindik alegazioak jasotzen ari dira! Horren atzean
daude gure udalen egoera politiko bihurria eta beste hainbat arazo.
Baina, atzerapenaren ondorioak larriak dira: ibarra kohesionatu gabe
autopistak jarriko digu mundua eskura. Gasteiz edo Donostia Oñati
baino eskurago. Txarto gabiltz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Korporazioa

Goienkaria, 2008.05.30

Ohituta geunden EMECECE esaten, eta
Debagoienean zaila egiten da Mondragon izenarekin hori ordezkatzea.
Beraz, zilegi bekit korporazio hitza erabiltzea, zuek jakin dezazuen
zertaz ari naizen.

Hain zuzen, albiste izan da kooperatiba
taldea bi kidek alde egitea hautatu dutelako. Ez naiz sartuko joan
direnen arrazoietan, eta edozein kasutan zorte ona opa diet. Baina,
denon hobe beharrez, bai eskatuko nioke korporazioari indartu dezala
bere lidergoa, behar direnean har ditzala erabaki zailak ere, eta
izan dadila taldearen gidari sendoa. Entzuna baitut –barrukoen
ahotik- badituela ahulezia horiek korporazioak. Ezin izan diezaioten
esan, taldetik doazenek, Facundo Cabralek zioen hura: ‘Ez da ni
banoala, baizik zu gelditzen zarela’
.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Biktimak

Ez gara ondo ari, alde bakoitza bere
biktimak goresten, besteenak ahaztuta. Uste dut ez dela iritsi orria
pasatzeko garaia, oraindik biktima berriak sortzen ari bai dira.

Ez dakit ‘terrorismoaren biktimak’
izenpean bakoitzak zer sartzen duen. Ez dut ulertzen nola esan
dezakeen Maixabel Lasak Jaurlaritzaren izenean onartezina dela lotzea
bakea eta marko juridiko berriaren aldarria. Galeriarako?.
Kontraesankorra da aldi berean entzutea Kursaalean Goardia Zibila gu
defendatzeko dagoela eta Legebiltzarrean torturatu egiten duela.
Nahaspila izugarria ikusten dut gai honetan, despiste galanta; batzuk
borondate oneko inozo, besteak arrantzale maltzur.

Berradiskidetzea
beste zerbait da, sakonagoa. Eta hasten da biolentziak amaitzen
direnean.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Boto okerra

Goienkaria, 2008.05.16

Palestinak Hamas alderdiari eman zion
garaipena azken hauteskundeetan eta Mendebaldeak ez du gustuko
emaitza. Eta inongo disimulurik gabe, Israel, EEBBak eta Europa
zigortzen ari dira palestinarrak oker botatu zutelako.
Ospitaleak erregairik gabe gelditzeko zorian dira egunotan, besteak
beste.

Debagoienaren botoa ere ez da sarri
goragoko batzuen gustukoa izaten. Gogoratu bestela, Ino Galparsoro ez
dela bakarrik Arrasateko alkatea, Mankomunitateko lehendakaria ere
bada. Eta Debagoiena narrutik ari da ordaintzen bere boto okerra.
Momentuz legealdi honetan egin beharreko lan asko hankaz gora gera
daitezke sortu den giroarekin. Bestalde, autopista edo tren lasterrak
albo batera, noizko Olandixoko tunela edota ibarreko tranbia?

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Goliat

Goienkaria, 2008.05.09

Ino alkatea kartzelan sartzea indar
erakustaldia izan da, Goliat erraldoiak dira egungo estatuak. Espainiakoa,
esaterako, gai da iritzi publikoa edonora eramateko, eta horrek erabateko
inpunitatea damaio zernahi egiteko. Gai jakinetan, legebiltzarra jar lezake aho
bakarrean eta komeni zaizkion legeak egiten, neurrira. Epaile eta auzitegiak
ere zordun ditu, gehienak aisa lerratzen dira gobernuak markatutako
estrategiara, bakarren bat aurrean jarri ere bai.

Hori guztia egun dute Inorekin. Harrika ibili,
kakaztu, eta botoekin kendu ezin zioten alkatetza Garzonekin galarazi. Bale, ona
da ohartzea nor dugun arerio, zenbateraino den indartsu. Eta, erne, gogora dezagun
Goliat borrokatzeko David txikiak ez zuela preziso boxeoa aukeratu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Seko lotsatuta

Goienkaria, 2008.04.30

Itxoin egin dut iragarkiko etxebizitza
saldu den arte. Ez nuen berriro gaia atera nahi, inork ez zezan
pentsa lotsa aitortzeko aitzakiatan salmenta hauspotzen ari nintzenik.
Seko lotsatuta egon naiz bitartean.

Idatzi nuen iragarkia, eta hark eman
zidan artikulurako ideia. Eta orri berean ekin nintzaion, bata eta
bestea toki berera joatekoak zirelako. Baina ez nintzen ohartu
hizkien kontagailuak iragarkia ere barne hartzen zuela, eta osotasun
hura hartuta Goienkariak osorik argitaratu zuen kontrazalean. Pentsa
nola sentitu nintzen ostiralean iragarkia hemen ere aurkitu nuenean.
Sinestuko ote zuen inork hanka-sartzea izan denik?

Saldu da, eta ez txoko honi esker.
Akabo. Orain, berreskuratuko al dut zure konfiantza, irakurle.

Post scriptum. Blogean neronek argitaratzen dut, beraz ez nuen iragarkia sartu. Papereko irakurleari aitortzen diot akatsa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Goiena HUHEZIn

‘Euskal kulturgintzaren transmisioa’
masterrean izan naiz asteon hizlari, Eskoriatzan. Mintzagaia,
Goienaren sorrera. Hitzaldia prestatzean, berdetu egin dut 1999-2001
tartean barru-barrutik bizi izan nuen bateratze-prozesua. ‘Giza
abentura’ deitu nion bidaia horri aurkezpenean.

Zorteak nahi izan zuen ni parean
tokatzea Goiena sortzeko orduan. Zorteak eman zidan aukera
esperientzia betegarri hura bizitzeko. Izan ere, gure arruntean
zerbait handia egin genuen: bateratu. Zintzo eta eskuzabal jardun
ginen, zailtasunak gainditzen. Idatziaren gainean eztabaidatu eta
astia hartu genuen ados jartzeko. Bi urte haietan ez zen bozketa
bakar bat behar izan. Eta ez pentsa, 45 laguneko enpresa ari ginen
sortzen.

Gozatu egin dut oroitzean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina