Tribua bidegurutzean
Argia, 2008.06.29
Ekainaren 15ean ari naiz idazten, ezin
jakin zer gertatuko den 27an EAEko Legebiltzarrean. Ez dut uste, hala
ere, arnas luzeko analisi hau hankaz gora uzteko moduko ezer
gertatuko denik hor. Hurrengo Jaurlaritza besterik ez baitago jokoan.
Ze
tribu?
Euskaldunon tribuaz ari naiz, euskaraz
natural bizi nahi dugunon giza multzoaz. Bidean ibilki, puntu komun
batera iritsi gara: gure identitatea ez datza genetikan edo
geografian, horiek berezkoak ditugu, generoa, garaiera edota
bizkarreko garatxoa bezalaxe. Gure identitatea datza guk hautatu
dugun kultur nortasunean, eta horren ardatza hizkuntza da. Gure
tribuaren kasuan, euskara.
Ze
historia?
Jatorri ezberdinetatik gatoz, eta ez
dugu historia komunik. Horregatik, ez diogu historiari behar baino
gehiago erreparatzen. Gure aurreko euskaldunen historiak balio
lezake, gehienez ere, eskarmenturako. Eta ez da gutxi.
Erakusten du, esaterako, ez dugula
asmatu nortasuna babesteko aginte-egiturak garatzen. Ezta ere garatu
direnetan gure nortasuna txertatzen. Eta bi gabezia horiek eragin
dutela, nagusiki, gure egungo ahuldadea.
Ahul?
Bai, ahul, eta hobe dugu gure
buruarekin gezurretan ez jardutea. Asko garen tokian ere ez gara
nagusi, eta inguru askotan apenas garen. Ez gaude ordea hilzorian.
Baditugu gune indartsuak eta sare zabala, nola erabili da kontua.
Enegarren
bidegurutzea
Bidegurutzean gaude, asmatu ezinda nola
egin aurrera. Kulturgintzan eta herrigintzan txukun gabiltza,
harrokeriarik gabe, baina politikak egiten digu kale. Gehienok argi
dugu bonbak jarri eta zergatiak euskaraz azaltzea ez dela norabide
egokia. Jarrera itun zaleak ere ez daude onenean, ez dira lirikarako
garai onenak. Matxinada demokratikoarena, berriz, ezin esan indartzen
ari denik. Orduan, nondik?
Hegemonia
Mundua datorren bezala, kultur
nortasunean oinarritzen den komunitateak hegemonia du giltzarri,
hegemonia lortzeko estrategietan dauka biziraupenerako aukera
bakarra. Hegemoniak esan nahi du gizartean gailentzea, eta eskatzen
du indar, prestigio, presentzia, eragin eta itzal handia izatea.
Gizarteko kultur tribu ezberdinen artean lehena jartzea. Gure
bidearen hurrengo geltokia hori da, euskaldunon tribua izan dadila
hemen primus inter pares.
Beraz…
Akabo konplexuak eta harrokeriak, kitto
indarkeria eta setakeria, utikan mespretxuak eta agoniak. Datozela
liderrak eta lobbyak, ideietan berrikuntza eta garaitzeko abilezia,
landu ditzagun ausardia eta sormena. Erakuts dezagun besteekiko
errespetua eta gidari gaitasuna, eta lortuko dugu gutarrak aurrean
jartzea.
Zehatzago
-
Euskaldunon tribuak askatu beharra
dauka egitasmo politikoetatik, bakar batek ere ez digu ezer
bermatzen, batzuen baitan kokatzea kaltegarri zaigu. Frankismoaren
amaieran abertzaletasunaren apustua egin zuen tribuak, eta horrek
eman du eman beharrekoa; ez da gutxi izan, baina ez gara iritsi
hegemoniara. Areago, bide horretatik ez gara iritsiko..
-
Aurrera egiteko soberan daukagu
ideologia, utz dezagun zama hori aldean. Eta haren ordez erabil
dezagun teknika: asertibitatea, egoera gatazkatsuak kudeatzeko;
marketina, guk daukaguna besteei saltzeko; pertsonen garapen
teknikak, liderrak egiteko.
-
Barne sareak trinkotu ditzagun,
teknologia alde daukagu. Zantzu ugarik adierazten du euskal amarauna
iruten hasia dagoela, eta hori da bidea. Hedabide tradizionalak ere
hor behar ditugu, gaurko morrontzetatik libre. Amaraun sendoak
ahalbidetuko ditu ekimen indartsuak, lobbyak, sinergiak eta
sinkroniak. Hegemonia, finean.
Teknokrata?
Mesedez, ez horretan gelditu.