Sorpresa eta guzti

goiena2015.05.25

Hauteskunde gauak konfirmatu ditu hainbat aldaketa garrantzitsu, Nafarroakoa oso berandu arte izan ez bada ere.  Podemos-Ahal dugu sartu da euskal erakundeetan kopuru txukunetan, Espainiako batez bestekoaren oso azpitik, baina eragiteko moduan alderdi ugariko ingurunean. Ez ordea Ciudadanos, eta berdin UPyD, hauek ez dute lekurik euskal politikan.

colores

Konfirmatu da – eta nola- popularrei aurreikusten zitzaien porrota, Marotoren salbuespenarekin. Zer pentsa ematen du ikusteak nolako mezuak erabili dituen eta nolako  saria jaso duen. Sozialistek ere izan dituzte galerak –Barakaldo nagusiki- baina baita lorpenak ere –Pasaia edo Lasarte-Oria Gipuzkoan-.

Baina sorpresa potoloa gertatu da Gipuzkoan EHBildu eta EAJren emaitzekin.  Ezker abertzaleak emaitza onak izan ditu oro har, baina txarrak Gipuzkoan eta nabarmen Debagoienean.  Arrasateko zerrendaburua –Eneko laguna- zintzo mintzatu da: “Lasai hausnartuko dugu galeraren arrazoiez. Bizitza aurrera doa”.

Pentsa daiteke Bilduk ez duela ondo kudeatu boterearen zorabioa. Aukerak ikusi eta berehala gauzatu nahi izan ditu, kontuan hartu gabe gehiengo osorik ez zuela. Eta horrek zigorra jaso du hautesleen aldetik. Seguruenik epe luzeagoko estrategiak landu beharko ditu, asmoak partekatuz  eta adostasunak eraikiz . Bigarren euskal indarra da eta ondo hedatzen ari da lurralde guztietan.

Bi irabazle: EAJ eta Nafarroa. Jeltzaleek lidergo argia eskuratu dute egoera bihurri hau kudeatzeko autonomia erkidegoan. Gipuzkoan saria jaso du oposizioan egindako lanari esker. Eta Debagoienean berreskuratu egin ditu udal esanguratsuenak… Oñati salbu.  Bitxia da hainbeste urtez jeltzaleak nagusi izan ondoren, nola eutsi dion ezker abertzaleak.

Nafarroan, azkenik, askoren ametsa bete da. Gehiengo justua metatu da aldaketaren alde, bihotzekoak gertatzeko arriskuarekin izan bada ere. Hemen zegoen niretzat itxaropen nagusia eta aukera dago politika suntsitzaile bat hankaz gora jartzeko.  Espero dut asmatuko dutela.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude