Zutik eta txalo luzez eskertu genuen domeka bazkalondoan Mozkorra parregarri operaren emanaldia Bergarako udalbatza aretoan. Emozioz beteta jarraitu genuen ikuskizuna, eta emozioen bidez kontatuko dut han bizitakoa.
Euskal harrotasuna
Duela 250 urte sortu zuen opera komiko hau Peñafloridako kondeak, eta Bergarako udalbatza aretoan bertan estreinatu zen. Osorik euskaraz nahi zuen kondeak baina ez zen ausartu, euskara batuaren faltan euskalki bat edo beste aukeratzeak jarriko zizkion mugak saiheste aldera. Horrela, euskara kantuetarako gorde zuen eta elkarrizketak gaztelaniaz sortu. Zorionez duela 50 urte Anastasio Albisu lazkaotarrak itzuli zuen libretoa euskarara.
Ez zen ordea peripezia bakarra izan. Operaren partitura galdutzat emana zen eta 200. urteurrenean antzerki modura taularatu zen Bergarako udalean. Baina sasoi beretsuan partituraren transkripzio bat aurkitu zen Bergaran -Maria Jesus Inzaren etxean- eta Bello Portu maisuak egin zion moldaketa sinfonikoa.
Bide bihurria eginda ere, ‘lehenengo euskal opera’ deitzen den hau osasuntsu iritsi da XXI. mendera. Eta, aldi berean, gogorarazten digu duela bi mende eta erdi euskal gizartean gertatu zen loraldia zientziaren eta kulturaren esparruan. Baditu gure historiak harrotzeko moduko aldiak, hobeto ezagutu behar genituzkeenak. Hori izan zen domekako nire emozioetan lehena.
Eredu debagoiendarra
Opera hau bereziki lotzen zaio Bergarari, alde askotatik. Ez dago kasualitatez Peñafloridako kondearen irudia udalbatza aretoan marraztuta, amaierako txaloen artean antzezleek erakutsi bezala.
Eta Bergarak erantzun dio lotura horri halako obra kuttunari moldaketa bikaina eginda. Bergarako herriak sekulako maisutza erakutsi du dagoeneko musika ikuskizunen antolamenduan, nola uztarten dituen mota askotako baliabide eta ahaleginak maila profesionaleko emaitzak lortu arte.
Oraingoan maisutza hori jarri da formatu txikiko opera baten zerbitzura: soka laukote soil bat eta klabezina, ahotsak anplifikatu gabe eta apenas 150 entzule saio bakoitzean. Emaitzak erakutsi du antolamenduak berdin balio duela zientoka antzesle gobernatzeko oholtza handietan, edota dozena pare bat tranpaldo txikian.
Lankidetza da funtsa, Debagoienean beste inon baino indartsuago aurki daitekeen bertutea. Bakoitzak berea jartzea helburu komunaren mesedetan, eta emaitza kolektiboarekin asebetetzea helburu pertsonalak; horrela lortzen da indar batu moldagarria. Eta Bergarakoa litzateke eredu debagoiendarraren aldaera ‘artistikoa’. Eskualde honen parte sentitzeak eragin zidan bigarren emozio indartsua.
Ororen gainetik, gozamena
Horiek guztiak, ordea, dira emozio intelektualak edo ideologikoak. Eta domekan sentitu nuena izan zen, ororen gainetik, ikuskizun eder eta zaindu batek eragindako plazera.
Aretoaren muga fisikoak oso ondo zeuden gaindituta, antzesle zein ikusle –eta baita musikariek- denok izan genezan gure tokia, justua baina nahikoa. Azpimarragarria iruditu zitzaidan dekoratuen eta jantzien kalitatea, erabat sinesgarri egiten zuten antzespena. Maila onean aritu ziren soka laukotea eta Iñigo Alberdi klabezinean, azken honen gidaritzapean. Abeslarietan, oso egoki aukeratuak ziren protagonistak –Gorka Unamuno, Marije Ugalde, Valen Moñux eta hiru zaldunak- baina koska handirik gabe ibili ziren laguntzaileak, eta bikain guztiak amaierako koruan. Hor bistaratzen da Bergaran sortzen ari den eskola.
Emozio guztiak bilduta, euskaldun eta debagoiendar den musikazale honek domeka bazkalondo betegarriaz gozatu zuen Bergaran joan den asteburuan. Nire esker ona partaide guztiei, eta bereziki Valen eta Miguel Angel ekimenaren aita pontekoei.
Ez da erraza proiektu eszeniko-musikal baten ardura eramatea. Buru hauste handiak, entsaioak… Baina halako kronika irakurriz gero sekulako indarra ematen digu eta egindako lana pena merezi izan duelaren sentsazioa uzten digu.
Eskerrik asko Mikel. Nolako artikulu ederra. Sakona, akatsik gabekoa eta sentikorra.
Betirako gordeta egon dezan arxibatuko dut… bihotzean.
Hitz gozoak, Valen. Asko estimatzen dizkiat, badakidalako sentituak direla.
Musikazalea nauk eta ez musika kritikaria, horregatik kontatu nian Bergarakoa ikuspegi zabalarekin, bertute artistikoez gain bestelakoak ere kontuan hartuta. Hire hitzak irakurrita ikusten diat asmatu nuela. Pozten nauk.
Zorionak, eta mila esker halako tarte ederrak eskaintzeagatik.