Argia, 2014.01.26
Martxoan etorriko dira bi urte Topagunearen presidente izatea onartu nuenetik eta, hartutako konpromisoa beteta, kargua utzi egingo dut Batzar Nagusiak aukeratuko duen ordezkoaren eskuetan. Paraleloan, utziko dut baita ere kargu honi lotuta hartu nuen bestea, alegia, TOKIKOMen presidentearena.
Kargua hartzean esan nuen urte luzez ibili izan naizela euskalgintzaren periferian, hainbat jarrerekin ez oso ados. Kargua uztean esango dut orain bat egiten dudala erabat Topagunea bultzatzen ari den euskaltzaleen mugimendu eraldatuarekin. Zer ikusi dudan tartean? Ba ondokoak, behintzat.
Ikusi dut lantalde bat oso konprometitua, bai federazioan eta bai herrietan. Hain konprometitua, gai izan dela azken hiruzpalau urteetan eraldaketa prozesu sakonean sartzeko eta horrek eskatzen zuen gainkarga hartzeko, krisiaren gordinenari sendo erantzuten zion bitartean.
Ikusi dut euskaltzale asko biziberritzen, urteen poderioz pilatutako ajeez jabetu eta berrikuntzarako jarrera hartzen, eta erosotasun esparruei uko egiten euskararen normalizazioak zerbait gehiago, zerbait berria eskatzen duela antzemanda.
Ikusi dut hainbat aditu izendun lankidetzan lotzen eta taldean bateratzen, jakintza partekatzen eta ikerketa bideratzen, hiztun komunitatearen ahots propioa lantzeko eta euskara jendartearen erdigunean kokatzeko helburuarekin.
Eta ikusi dut dinamika horren eragin ona herri erakunde eta euskalgintzako beste hainbat eragilerengan, eta nola zubiak ari diren eraikitzen hizkuntza normalizazioaren lehen baldintza indar metaketan jartzen dugunon artean.
Ikusi ditut bestelakoak ere, noski, iraganean periferian egotera bultzatu izan nautenak: batzuen zilborkeria bakarzalea, besteen beldurra mugitzeko, hangoen eta hemengoen joera sektarioak… Baina faktore ezkor hauek ez dute alternatiba bat osatzen, gainditu beharreko erresistentziak dira. Eta ikusi dut bakarren bat gainditzen ere.
Beraz, martxoan kargua utziko dut baina ez mugimendua. Zinez uste baitut euskarak topaguneak behar dituela, zoru komunak eta esparru partekatuak, edozein euskaltzale eroso sentiaraziko dutenak. Eta hain zuzen hor metatuko den –metatzen ari den- aldekotasun soziala faktore erabakigarria izango dela euskararen normalizazioan nabari diren sabai batzuk apurtzeko eta jauzi garrantzitsuak egiten jarraitzeko.
Euskaltzaleen topagune horiek behar direlako segituko dut bultzatzen Topagunea.