Aberria, izatekotan

Argia, 2013.03.27

Aberria. Ez naiz oso aberri zalea. Eta , oro har, ez ditut oso gogoko beste ezer baino lehen patriota direnak. Patria hitza oso lotua ikusten dut bandera, lurralde eta mugekin. Eta gatazka epikoekin. Patriotismoaren adierazlerik gorenena gehiegitan izan da odola ematea aberriaren alde. Aitaren etxea defendatzea, gorputz atalak eta arima galtzeraino. Makabroa, inondik ere.

Tribua. Nik tribuaren ideia erabili izan dut. Badakit oso primitiboa dela, erasotzen errazagoa, eta azalpena behar duela. Baina hobeto islatzen du nire sentimendua  antzekoak sentitzen ditudan horiekiko. Izan, tribua da pertsona multzo bat, hainbat ezaugarri partekatzen dituena eta hainbat interes. Mugitu egin daiteke, eta errotzen denean sortzen du lurraldea, ezinbestean behar duen euskarri fisikoa. Baina tribuak pertsona du ardatz, pertsonaren eta taldearen bizia eta ongizatea helburu.

Komunitatea. Boladan dagoen hitza da. Internetek asko indartu du eta mota askotako komunitateak sortu dira, inoiz oso interes bitxien arabera. Gurean debaluatu egin da esparru administratiboak izendatzeko erabili delako. Baina indartzen ere ari da, soziolinguistikan –esaterako- kontzeptu oso garrantzitsua da hiztun komunitatea.

Hizkuntza. Bueltan bueltan, iritsi naiz jomugara: irizpide batek markatzen badu nortzuk sentitzen ditudan hurbilen, zein den nire tribua, irizpide hori hizkuntza da, euskara. Ez da bakarra, noski, balio asko partekatzen ditut bestelako pertsonekin ere, interes-talde askotako kide izan naiteke. Baina nire pozak eta nire tristurak, ilusioak eta amorruak bereziki lotzen dira euskararen eta euskaltzaleen egoerarekin, bilakaerarekin.

Arnasa. Zorionekoa naiz euskararen arnasgune batean bizi naizelako. Seguruenik ez da txiripaz gertatu, eta bizitzan hartu ditudan erabakiak horren arabera hartuko nituen, beti konsziente izan ez banaiz ere. Orain gainera ikasi dut arnasgunea ez dela hainbeste gune fisiko bat, arnasgune izan gaitezkeela euskaltzale bakoitza, edonon gaudela ere, jarrera aktiboa hartzen badugu euskararen alde.

Sua. Jon Sarasuak aspaldian botatako metaforak balio du oraindik: aitaren etxean baino gehiago amaren suan dago muina, gakoa da euskararen komunitateak jarraitzea. Antolamendu politiko-administratibo bat izan daiteke lagungarriago beste bat baino, teknologiaren erabilera hizkuntzari mesedegarri zaion bezala. Baina horrela ez da berez  bermatzen jarraikortasuna. Eta nik amaren sua dut maite.

Bai, bat izatekotan, euskara da nire aberria.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Aberria, izatekotan bidalketan

  1. egilea: Leonat

    Biba zu! Agur bero bat Montebideotik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude