Euskaltzaleen Topagunea

Ereiaro, 2013.03.25

Larunbatean egin genuen ohiko Batzar Nagusia Durangon. Egiteko zaila: arazo ekonomikoei aurre egin beharra helburuak apaldu gabe eta, beraz, hauek erdiesteko baliabideei eutsita.

Aurretik, ordea, Batzar ezohikoa izan genuen. Kongresuen dinamikatik zetorren izen aldaketa eta, behin estatutuak ukitzen hasita, beste hainbat egokitzapen ere egin genituen.

Goiburukoa dugu izen berria, eta Euskaltzaleen Topagunea izango gara aurrerantzean. Izen berriarekin gure jardun esparrua osatu nahi izan dugu: euskaldunak euskaltzaletzea eta euskaltzaleak euskalduntzea. Euskararen ezagutza eta euskararekiko motibazioa uztartuko dituzten herritarrak osatzea.

Pertsona banako horien topagunea izan nahi du Topaguneak, igurtzirako esparru, elikadurarako bide, aktibaziorako tresna, lankidetzarako uztarri. Hizkuntza ideologia indartu nahi dugu, diagnostiko eta errelato adostuen gainean eraikia, helburuak, estrategiak eta plangintza partekatzen dituena. Ideologia linguistikoa izan dadin euskalgintzaren ardatz, bere bueltan ideologia politiko ezberdinak biltzeko gai.

Unea etorri da euskalgintza zaharberritzeko, biziberritzeko, berritzeko. Euskalgintza eraginkorra behar dugu, erreferentziala, gizarte eta aginte egituretan txertatua, hizkuntza interesen inguruan trinkotua. Eta horretara goaz.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude