Euskararen diruak eta estatusa

Berria, 2013.03.10

Tanteoen garaia amaituta, aurrekontuen egitasmoa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak asteon eta negoziazio zehatzari ekingo dio, behar dituen konplizitateen bila. Sokatiran  ebatziko da azkenik non egingo diren agindutako murrizketak, eta hor finkatuko dira euskararen diruak.

Azken txanpa dela-eta, ideia batzuk jarri nahi ditut negoziatzaileen mahaian eta iritzi publikoaren aurrean:

Bat. Euskararen normalizazioa ez da bigarren mailako helburua, bere azken ondorioa litzateke hizkuntzen arteko harreman errespetuzkoa, hau da, hiztunen arteko bizikidetza. Beraz, bizikidetzaz ari gara, ez gramatikaz.

Bi. Euskararen normalizazioa dago ziklo aldaketa garrantzitsu baten erdian. Egindako bidean eskarmentu ugari metatu da eta hainbat muga agertu ere bai. Eskarmentua, ausardia eta baliabideak jarrita, oso posible da mugak gainditzea eta urrats erabakiorrak egitea.

Hiru. Euskalgintzako gizarte eragileak oso aktibo gabiltza lankidetzan, gogoetan eta berrikuntzan. Erakundeetan ere inoizko agintari euskaldunenak ditugu eta, areago, euskaltzaleak inoiz baino posizio eraginkorragoan daude.

Beraz, ziklo aldaketa gauzatzeko aukera ezin hobea legoke, bi hanka nagusiak uztartuta: gizartearen kemena eta erakundeen ahalmena.

Baina, ezinbestean baliabideak behar dira. Azken urteotan uzkurtuz doaz euskalgintzaren finantzazio iturriak, merkatuko salmentak bezala erakundeen diru laguntzak. Eta hirugarren hankak –herritarren sostenguak-  ezin du modu iraunkorrean beste bien jaitsiera berdindu. Nabaria da euskalgintzan azken urteotako eskasien eragina, lehendik ere sobra handirik ez zegoen tokian. Oso justu daude kontuak bazterretan, neurri latzak hasi dira han-hemenka. Hainbat egitura eta ekimen -eta lanpostu- desagertu egin daitezke epe laburrean.

Horregatik urduritasuna Jaurlaritzaren aurrekontuekin. Hautua ez delako ‘jauzi egin ala lehengoan geratu’, lehengoa ere ez bai dago bermatua. Alegia, aurrekoen gainean beste murrizketa bat ezartzen bada gerta daitezke galera handiak, berreskuratu ezinak.

Eta gogoratu behar da murrizketa linealak partida txikiei egiten diela kalterik gehien. Oker ez banago, HPSren aurrekontua da Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren % 0,005a inguru. Gutxi aurreztu daiteke hor eta asko hondatu.

Uste dut, hala ere, unearen larritasunetik harago epe luzeko ikuspegia behar duela euskalgintzak, gizartean eta erakundeetan. Adostasuna, kontzertazioa eta blindajea. Estatus berri bat, egonkorra. Erakundeek, kasurik txarrenean ere, errespetatuko dutena.

Eredu hurbilena ikastolen estatusa litzateke. Haiek bezala, euskalgintza herri ekimenetik sortutakoa da eta funtzio sozial argia betetzen du: euskararen normalizazioa. Zergatik ez erakunde eta eragileen artean elkarlanerako markoa adostu eta horren gainean kontzertazioa finkatu, urratsak jarraikortasunez egin daitezen, zurrunbilo politiko edo ekonomikoen gainetik?

Lankidetza marko egonkor bat finkatzen bada, formulak egon daitezke une larriei aurre egiteko galera handirik izan gabe.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude