Elurra, antibiotiko

Herri txikiko kaletarra naiz, ez gatz eta ez berakatz. Umetan ez nuen jaso ez hiritarren modernotasuna, eta ez baserritarren jakinduria. Geroztik, beti sentitu izan naiz hiritar petoak baino arloteago, eta baserritar petoak baino inuzenteago.

Duela hamar urte hautua egin nuen eta, harrezkero, baserrian bizi naiz. Ez nuen helburu lurrera itzultzea, antzinako hippyen modura, baina akordatu orduko bihurtu naiz mahastizain, txakolinetarako 2.300 mahatsondoren arduradun.

Eta ikasi egin behar izan dut, adi egon batak eta besteak esaten zuenari, gero batazbestekoa atera eta nirea egiteko.

Ikasi dut, adibidez, lurrak beregan duela bizia eta heriotza, eta eguraldiak areagotu egiten diola baterako edo besterako joera. Udako berotan heltzen dira fruituak, eta garatzen gaitzak. Neguak ez baditu akabatzen hauen eragileak, onddo, intsektu edo bakteriak, hurrengo udan indartsuago agertzen dira, uztan galerak eraginez.

Horregatik diote elurra dela antibiotikorik onena lurrarentzat. Lurrari ezartzen dio azal hotza, eta irautea galarazten die lur azpiko izaki kaltegarriei. Horrela, negu honen arabera, 2005ak urte ona behar luke izan nekazarientzat. Neuk ere esperantza ona daukat hurrengo uztarako.

Gogoan izan beza hau, elurrarekin kexu denak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude