Anbulategitik ihesi

Goizeko 11:20etan neukan hitzordua Durangoko anbulategian, otorrinoarekin. Pare bat minutu lehenago iritsi naiz eta, nire harridurarako, dozenatik gora lagun zegoen zain. Halako batean atea ireki da, barruan zegoena irten da, eta -inork ezer esan gabe- zain zeudenetako bat sartu da. Handik apur batera, beste horrenbeste. Inork ez zuen kontrolatzen izenik, beraz, bi ziren aukerak: edo ez zuten hitzordurik, eta iritsi ahala sartzen ziren, hitzordua geneukanon kaltetan; edo denek zuten hitzordua, eta kontsultak zeraman metatua ordu bete luzeko atzerapena. Edozein zela ere kasua, katxondeo galanta iruditu zait, eta nire kexa azaltzera jaitsi naiz harrerara. Baina, han ere, ilada luzeak zeuden txanda argibideak emateko edo txanda berria hartzeko. Total, alde egin dudala amorratuta.

Ezin dut asko esan, nire zorionerako apenas joaten bainaiz osasun zerbitzuetara. Baina gaur ikusi ditut Osakidetzan antzinako INSSaren prepotentzia eta errespetu falta. Benetan, uste nuen ohitura horiek utziak genituela atzean. Zer dela eta, hitzordua edukita, itxoin behar da ordu bete medikuak har gaitzan?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

5 erantzun Anbulategitik ihesi-ri

  1. egilea: Patxi

    Zorionekoa zu bai!

    Grazi pixkat ere egin dit zure mezu honek. Ni anbulategitik sarri sarri pasatu beharrean egon naiz, eta nago, duela urte dexente, horregatik grazia egitea, beterano baten ikuspegitik. Eta egia da batzuetan ordubeteko atzerapena izaten dala. Nere medikuak adibidez, lehenengo zaharren etxera dauka derrigorrezko bisita egunero, eta ondoren juten da anbulategira. Zaharrekin nola dabilen… Halako atzerapena izaten da. Bestela ere ia beti atzerapenak izaten dira.

    Nik beti eramaten det egunkaria, edo irakurtzeko zerbait, eta hitza ere beti prest izaten det edozeinekin erabiltzeko. Ondo pasatzen det itxoiten. Asko ikasten da. Eta erlaxatzeko ere balio dezake.

    Ala ez, jakina. Bakoitzaren agendaren arabera.

    Osakidetzan bi muturrak ikus ditzakezu. Amentitu ezin daitezkeen egoera guztiz salagarriak, eta oso zerbitzu ona, kalitatezkoa. Zorte pixka bat behar izaten da osakidetzan.

    Sendatu! Eta segi urte askoan amorrarazten, seinale ona izango da ta.

  2. egilea: Patxi

    Amorratzen esan nahi nuen, barkatu!

  3. egilea: mikel

    Inbidia eman zidak hire patxada horrek. Egia duk bizitza beste modu batera ikusten dela, bizikletaz bidaiatzen denena bezala autoa utzita, zaratak eta usaiak entzunez. Baina hiperaktibo samarra nauk, eta arduratsua ere bai, eta ardura bakoen erruz egon beharrak amorrarazten naik.

    Beti amestu izan diat zahartzaroan bihurtzea agure jakintsu eta tenplau bat, baina uste diat martxa honetan ez dudala gaindituko agure petral eta kaskarrabiasaren maila. Dena den, eskertzen diat umore puntua jarri izana goizeko nire amorruari.

  4. egilea: mikel

    Ez, Nobel sariko epaimahikideak, ez dut asmatu usainak entzuteko tramankulurik. Esan nahi nuen: zaratak entzunez eta usainak hartuz.

  5. egilea: Joseba

    Ba…Mikel…zer esango dizut ba!! Euskal Herriko osasun saila Estatuko onena omen da!! Nola ote daude han!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude