Franco

Madrilen bizi nintzen diktadorea hil zenean. Eta etxetik asko irten gabe eman nituen lehen ordu eta egunak. Izan ere, han zeuden pilatuta frankismoari eutsi nahi zioten indar guztiak. Eta han erabaki behar zen agintearen banaketa berria, Francok bereari jare egindakoan.

Beldurra zen nagusi Madrilen, itxaropenaren gainetik. Erregimena ez zen monolitikoa, baina bai artean oso indartsua. Aldiz, oposizioa makal ageri zen, zatikatua eta kalea irabazteko ezgai.

Hain juxtu, bi urte arinago Carrero Blanco hegan egin zuenean, erregimena bera hasi zen mugitzen demokraziarantz, Arias Navarro buru zuela. Hutsean gelditu zen ahalegina, baina egunkari batzutan aukera izan genuen eguzki printzak ikusteko, laino beltzen artean. Ikusmin itzelez jarraitzen zen “Tácito”:http://www.vespito.net/historia/transi/centft.html taldearen zutabea, Ya egunkarian.

Franco hil eta 81eko militar matxinada arte, erregimen zaharrak agindu zuen, nahiz bere baitako indarrak borroka bizian aritu. Eta, matxinadarekin, gauzak aski lotuak gelditu ziren betirako: ez zen idatziko frankismoaren kronika beltza, ez ziren araztuko haren egileak, ukiezina izango zen Francok jarritako erregea. Oposizioa hel zitekeen agintera

Diktadura estali egin zen, eta 30 urte geroago badirudi ez zela existitu ere egin. Baina frankismoaren haziak hor dirau, eta Aznarrek jakin du ongarritzen.

Beldurra ari du berriro Espainian.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude