Baserritar bi kapitalean

Urtean bizpahiru aldiz egiten dugu, joan den larunbatean azkenekoz:
egun bat aurrez izendatu, guapo-guapo prantatu eta egun pasa joaten
gara kapitalera, hiri giroak ere badirela gogoratzeko. Han, bereziki,
paseatu egiten dugu, alde guztietara begira adi-adi, sarritan aho
zabalik. Ez da gutxiagorako, Bilbo nola jarri den ikusita.

Larunbatean, Guggin sartu ginen, Errusiako erakusketa erraldoia ikustera. Kandinsky, Chagall eta Malevich modukoekin gozatu ondoren, eta irten aurretik, Serraren areto
handiari egin genion bisita, oraindik ikusi gabe baikeneuzkan bere
azken piezak jarrita. Bereziki gustatzen zaizkit haren forma
ondulatuak, eta eskulturen baitan sartzeak bihotzean sortzen didan
kilika. Ondoko gela txikian, elkarrizketa argigarria entzun nion
Richard Serrari. Bere ustez, XX. mendean eskulturak egin duen urratsik
handiena izan da oinarritik jaistea lurzorura, horrek aukera eman dio
espazioak sortu eta antolatzeko. Tipo zintzoa iruditu zitzaidan, eta
oso jantzia.

Bazkal ondoren pasiera, jaki eta garagardo alemaniarren astuna
arintze aldera. Eta, azken boladan ohi dugun eran, arreta berezia jarri
genion Isozaki ateari,
Uribitarten, Bilbo suspertu duen puzzleko azken pieza. Oso itxura ona
hartzen ari da inguru hau. Dorre garai dotoreek kasik ezkutatu egiten
dute Albiako dorre zatarra, eta eskailera zabalari antzematen zaio nola
lotuko dituen goialdea eta ibaiertza. Lastima Calatravaren zubi zuriari egin dioten luzapen petatxua, beste zerbait merezi zuen!

Ferreterian erosketa batzuk egin (baserrian beti behar da ferreteriatik zerbait), film bat ikusi (Neil Jordanen Desayuno en Plutón ederra) eta ilundu orduko etxera, oreatuta.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude