Ikasturte politikoa

Abuztuak ez du utzi emaitza apartekorik, Batasuna legeztatzeko eta presoak hurbiltzeko aurreikuspenetan. Blokeoa aipatu ere aipatzen da ezker abertzalearen aldetik, Espainiako gobernuak kontrakoa adierazten duen bitartean.

Balego eta balitz, hauteskundeetarako mugimenduak hasi dira: EAren gerri kolpea ‘printzipioz’, Batasunaren gerri tentea legeetan kabitzeko, EB eta Aralarren elkar ferekak gerribueltan, eta Nafarroan dabilen gerri dantza agintea eskualdatzeko. Guztiak toki bila, maiatzeko argazkian.

Ni gustura nengoke, aldaketak aurreikusten baitira. Ez nahi nituzkeen guztiak, baina bai aspaldiko handienak. Nengoke, diot, guk aldaketak ikusi bitartean sufritzen duenik ez balego. Preso eta senitartekoez ari naiz, noski.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Ikasturte politikoa-ri

  1. egilea: Ricardo Gómez

    Oso zeharkako iruzkina da nirea, baina tira…

    Atentzioa eman dit “Ikasturte politikoa” izenburuak. Politikoak, irailarekin, ikasten hasten direla iradokitzen du, eta bitxia iruditu zait. Hala balitz…!!

    Ibon Sarasolari galdetzeko kontua litzateke, baina “Urte politikoa” edo “Politika-urtea” esan beharko genuke?

    Ondo segi, Mikel

  2. egilea: mikel

    Nik normalean urte erabiltzen dut urte naturalekin, urtarriletik abendura, eta ikasturte iraila-ekaina irauten duenarekin. Asko pentsatu gabe eta inertziaz erabili nuen izenburuan, harik eta zure begi zorrotzak beste buelta polit hori aurkitu dion arte.

    Zorioneko gu, gure politikariek ikasteko umiltasuna adieraziko balute! Normalean, ziurtasun osoz jakiten dute zer komeni zaigun herritarroi (beti nahi ez badugu ere), eta bereziki dakite zer egin behar luketen beste alderdietako buruzagiek. Inoiz pentsatu izan dut agian jardun politikoa hobetu egingo litzatekeela politikariak alderdiz aldatuko bagenitu, txandan, denak denetatik pasatu arte. Nork daki…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude