Autobusez hara eta hona

Probatzekotan naiz Debagoieneko autobus zerbitzu berria. Aurrez, esan dezaket sekulako aurrerapausoa dela, bai ibar barneko loturak areagotzeko, eta bai ibarra lotzeko inguru eta hiriburuekin. Ez gara orain hasiko ea zergatik ez den lehenago egin; iritsi da eta konforme.

Espero dut ganoraz zainduko dela ordutegia, kalitatez emango dela zerbitzua, eta prezioak egokiak izango direla edonorentzat. Pentsatzen dut oraingo zerbitzua moldatu egingo dela ibarreko tranbiarekin ezkontzeko, hau egin ahala. Berez, tranbia baita aukerarik azkarrena eta garbiena.

Eta nahi nuke autobusa erabil dagigun, autoa lagata, ahal den guztietan. Hori egitean, ez goaz-eta bueltan garai zaharretara baizik aurrera, etorkizun iraungarriagora.

Post scriptum

Domeka gauean idatzi nuen zutabea eta, harrezkero, hiru egunez egin dut Donostiako joan-etorria autobusez. Primerako zerbitzua da, erosoa eta azkarra. Nire arazoa da Elorrio-Arrasate zatia; bestela, Arrasaten edo Bergaran biziko banintz ez nuke zalantzarik izango: Donostiako buelta, beti busez. Hala ere, oraingoz jende gutxi dabil. Animatu!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Autobusez hara eta hona-ri

  1. egilea: ibai

    Aurrerapausua?

    Ni egunero faten naz Oñatira Eskoitzatik. Lehen autobus gutxi nituen, baina 1,35 euro ordaintzen nauen bidaia bakoitzian: 2,70 egunero.

    Oin Eskoitzatik eztau zuzenien Oñatira fateko aukeraik. Lehenengo Arrasatera fan binaz (1,05), eta gero handik Oñatira (1,05). Bueltan bardina. Guztira: 4,20 euro egunero.

    Donostira be oin ezin da Eskoitzatik zuzenien fan (goixeko 6retan edo bakarrik). Orduen, lehenengo Arrasatera (1,05) eta gero Donostira (6? 7 euro?)

    Zeinek erabiliko dau autobusa hola?
    Gainera oin jarri doitxuen autobusak zahar-zaharrak die, eta eitxen dauien zaratakin ezin da albokuak esatentzuna be entzun. Atietan zulo batzuk daukie, apurtuta, eta sekulako hotza pasetan da.

    Eta hau ez bazan nahikua: aurrekuen azterketa naukon. Erabaki nauen ordu erdi lehenau fatia lekua hartzeko, baina autobusa etzan etorri. Ordu erdi paradan zain, eta azkenien etorri zan autobus bat, baina geltoki danetan geratzen dan horreitakua. Berandu heldu nintzan azterketara, eta eskerrak sartzen itxi zuztiela, ze azterketa hori ein ezien ezin izango neuke karrera amaierako proiektua ein.

    Geltokixetan be ez ditxuzte ordutegixak barritxu, eta jendia ziharo galduta dabil.

    Aurrerapausua?

  2. egilea: mikel

    Ilargiaren beste alde bat ere badago, itxuria, neuri tokatu ez zaidana. Dena kontuan hartuta, hala ere, jarraitzen dut pentsatzen aurrerapausua egin dela: baliabide askoz gehiago dago orain eta, oro har, aukera hobeak. Dauden hutsune edo gabeziak konpontzeko eskatu beharko genieke Pesari eta Aldundiari, eta presioa egin oraingo ahalegin hau ez dadin izan juxtu hauteskunde aurreko karamelua. Inork badaki ea jarri duten kexa edo iradokizunetarako biderik? Zergatik ez antolatu zerbait, blog berezi bat, busen erabiltzaileentzat?

  3. egilea: Patxi

    Aupa Mikel.

    Erantzuna hemen utzi nezakeen idatziz, baina nahiago izan det autobusa hartuta, honaino eramatea.

    Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude