Titin eta don Augusto

Atzoko partida ikusgarriari begira,  jarraipen subjetiboa egin nion Titinen jardunari, Aimar apur bat ahaztuta. Izan ere, Triciokoak 38 urte egingo ditu urte hasieran eta ikusi egin behar da nola mugitzen den frontoian, oraindik ere.

Seguruenik, Titin ez da atleta apartekoa, kirol miaketa baten markak apurtzen dituzten horietakoa. Hamaika pilotarik du kolpe handiagoa, beste horrenbestek izango ditu zango indartsuagoak. Muga horien kulpaz, ez du txapel gehiago irabazi; palmares ona du baina badira hobeak. Zerk egiten du orduan Titin pilotari bikaina?

Bat: gaiztakeriak. Imajina dezaket mutikotan eta ikusten dut bihurri, maltzur, azeri. Gelako gaiztoena izango zen eskolan, poltsikoetan tiragoma eta igela bizirik irudikatzen ditugun horietakoa. Hain dira gaiztoak bere pilota batzuk, hain bihurriak zenbait jokaldi eta hain ustekabekoak egiten dituen keinuak!

Bi: irabazteko grinak. Joka ditzake 100 partidatik gora urtean, lau partida astero udako partean. Eta partida bakoitzeko minutu denetan arituko da duen guztia ematen, txokoan edo zabalean muturra apurtzeko zorian. Defentsa ezin hobea du, ez duelako inoiz etsitzen.

Hiru: aireak. Indarrez ahulago denak, botez eutsi baino ezin du egin. Ordea, airez sartuta, abiada izugarria eman diezaioke jokoari, aurkari indartsua nahastuz eta zangoarina nekatuz. Eta horixe bihurtu du Titinek bere arma nagusi, airez edondondik eta edonola sartzeko abildadea, derrepente tantoaren martxa aldatuz.

Badira ahalmen fisiko apartekoei esker handi diren pilotariak. Bakarren batek alfer-aferrik ditu ahalmen horiek. Aldiz, Titinek biderkatu egin ditu berezko zituen talentuak, gehiago direnak baino handiago izateraino.

Hargatik da Titin, niretzat, don Augusto.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude