1976: nire lehen mitina

Atzealdean arkatzez dago idatzia:
Arechavaleta, 21 de nov. 1976. Eta gero boligrafoz: Mikel Irizar, gazteriaren
izenean hizketan
.

mitin1

Ba bai, neu naiz mitinlari, duela 30 urte. Eta ordurako pulpituan.
Ondoan dut Txillardegi, eta mahaiaren erdian daude –ezagunenak aipatzearren- Andoni
Kaiero
(unibertsitate irakaslea), Karlos Caballero (EAJko diputatu izan zen
geroago Madrilen), Gregorio Etxabe (Arrasateko etxabetarra eta kooperatibista)
eta Eduardo Artamendi (arkitektoa).

ESBk aurrea hartu nahi zuen, eta 76ko udan
antolatu zuen lehen mitina Tolosako Leidorren; handik hilabete gutxira bigarrena,
Aretxabaletako kiroldegian. Ni, artean, aritua nintzen hitzaldiak ematen,
militanteak edo zaleak atxikitzeko helburuarekin. Baina lehen aldiz jarri behar
nuen atrilean tente, frontoi beteari begira, giroa berotzeko lanetan. Eta ez
nengoen batere lasai.

Testua prestatu nuen beroa, esaldi motz eta
zorrotzekin. Tonua entseatu nuen behin eta berriz, papereko marketan gora egin
eta esaldia ozen bukatzeko. Eta lagunekin adostu nuen amaiera ozenetan txalo
egingo zutela sutsu. Azkenik, kirioak baretze aldera txikito pare bat hartu
nuen kiroldegiko tabernan, goizeko 11ak ziren arren.

Eta, unea iritsita, han abiatu nintzen: Gregorio adiskideak
esan duen bezala, atzerritik natorkizue…
(Madrilen nengoen ikasle). Ondo entzuten nuen nire ahotsa; egoera
kontrolpean neukan. Lehen markan gora, eta esaldi amaieran oihu. Berehala
iritsi zitzaizkidan lagunen txaloak eta segidan frontoi osoarenak. Primeran!

Mitina bizi
joan zen, entzuleak gustura ikusten ziren. Ondo sentitu nintzen, nire partea
beteta. Areago, mitina amaitu eta hainbat jende hurbildu zitzaidanean eskua
ematera. Emozionatu ere egin nintzen.

Alderdikoei ere, nonbait, gustatu zitzaien. Eta hurrengo mitina, Donostiako Anoetan eman nuen.

mitin2
Argazki atzealdean: Donosti, 2-1-1977, Gora
Euskadi Askatuta.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun 1976: nire lehen mitina-ri

  1. egilea: Pilatos

    Malizia barik diñotsut: goiko argazki horretan Aznar ematen duzu.

  2. egilea: mikel

    Tupea auskalo, baina biboterik ez dago hor inon! Dena mikroak dira. Zaindu ikusmena, Xexili/o.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude