Goienkaria, 2007.05.18
Epaitegiek azken hitza esan dute eta ofizialak
dira dagoeneko zerrendak, ofizialki atzera botatakoak barne. Aldez edo moldez,
horiek ere aterako dira 27ko argazkian.
Gaurkoan, errespetua azaldu nahi diet hautagai
izateko urratsa eman duten herrikideei. Ez baita gauza samurra hautagai izatea,
are gutxiago sari handirik espero ez denean. Kalkulu azkarrean, mila inguru
hautagai izango ditugu Debagoienean, bederatzi alkate, ehun inguru zinegotzi
eta batzarkide apur batzuen postuak betetzeko. Ehuneko hamarrak izango du
balizko saria.
Besteei buruz, ibiliko da esamesa: ‘zer dela
uste du horrek’, edo ‘nahiko du halako…’ Ez dira hurbileko politikaren garai
onenak, ospe onaren aldetik. Bihoakie, beraz, nire aitortza ausartu direnei.