Goienkaria, 2007.09.28
Hala omen zebilen beti Pertur, gitarra
aldean, baita desagertu zenean ere. Kantatzeaz aparte, kantu batzuk
ere eragin zituen: Gontzal eta Xeberrik ‘non ote zara?’ kantatzen
zioten, Gorka Knörr-ek ‘Txakurrak’ izenekoa…
Hogeita hamar urte luzez esan digute
Pertur ETAk desagerrarazi zuela. Askori interesatzen zitzaielako,
dudarik gabe. Baina, asteon, tesi sinesgarriagoa eman da ezagutzera
Donostiako Zinemaldian: italiar neofaxistek bahitu ei zuten,
espainiar poliziaren esku uzteko. Gorpua aurkitu arte ezingo da
guztiz berretsi, ordea, eta auskalo oraindik posible den.
Niri, edonola ere, duintasun ariketa
itzela iruditu zait. Giza talde batek aginteari erakutsi dio gezurra
argitzeko ahalmena. Hurrengoan har bezate kontuan.
Familiak ez dio eman ba sinesgarritasun handirik…
Familiarena ulergarria izan daiteke, hartzen duen jarrera hartzen duela ere. Ez da erraza izan behar 30 urtetan senidearen galera irenstea, arrastorik ez izatea, azalpen bat (ona, txarra, sinesgarria edo sinestezina) asumitzea eta hainbeste urteren ondoren egun batetik bestera iritzia aldatzea. Guztiz ulergarria. Familiaren mina handiegia da beti.
Aurrekoan antzeko zerbait esan zuen Mikel Aramendik Mezularian (Mikel Aramendik zerikusia izan omen du pista berri horren bilaketan) eta ados nago, zentsuzkoa da esandakoa.
Bai, Aramendik hori dio familiari buruz, eta hurbiletik ezagutzen ditu gaia eta familia. Eta bai, bera izan da ikerlari nagusia urte luzetan (uste dut filmaren kredituetan ere ageri dela), baita Lasa/Zabala eta beste desagertu batzuekin ere. Ikerlari sen itzela du eta egoskorkeria etiko txalogarria.