Euskaraldia ekimena Euskal Herri osoko herri eta hiri askotan gauzatuko da lehen aldiz aurtengo azaroan eta abenduan. Izena emateko orduan, ehundik gora herrik esan dio baietz ekimenari, horietako bakoitzean sortu da talde eragile bat tokiko aktibazioaren ardura hartzeko prest. Dinamika indartsu honek beste hainbat herri mugiarazi du, eta antolatzaileek izena emateko epea luzatzea erabaki dute, bigarren txandakoek ere aukera izan dezaten.
Euskaraldia elkarlan publiko-sozialetik jaio zenez, pentsa zitekeen harrera ona izango zuela. Baina gertatzen ari denak aisa gainditzen ditu aurretiazko usteak, ekimenaren hedapena birala bihurtu da. Nire ustez, halako ekimen baten premia zegoen, bateratua eta ekintzara bideratua, aldi berean eragingo duena partaide bakoitzean eta portaera kolekiboetan. Urteak daramatzagu esaten euskararen biziberritze prozesua moteltzen ari dela, eta Euskaraldiak erakusten du palanka egokia jartzen denean behar den tokian, herritarren eskuak berehala biltzen direla indar egiteko. Sinetsita nago palanka hau ondo erabilita goranzko inflexioa eragin dezakegula euskararen prozesuan.
Pingback: Euskararen palanka • ZUZEU