Espainiako II errepublikan Calvo Sotelo politikari eskuindarrak hau bota zuen Donostian: “Entre una España roja y una España rota, prefiero la primera, que sería una fase pasajera, mientras que la segunda seguiría rota a perpetuidad”. Nazionalismoaren formulazio gordina egin zuen gizonak: klase interesen gainetik dago nazioaren batasuna, eta onargarria da arerio politikoak agintzea, horrekin bermatzen bada nazioa ez dela apurtuko. Gogoratu behar da espainiar eskuina eta ezkerra muturreko konfrontazioan bizi zirela errepublika garaian eta giro bortitz horretan gertatu zela Francoren estatu kolpea. Ba, hala ere, nazionalista espainiarren benetako etsaia nazionalista euskaldun eta katalanak ziren.
Andaluzian gertatu denari ere ez zaio buelta asko eman behar gakoa aurkitzeko: Kataluniako prozesuak Espainia ‘apurtzeko’ arriskua bistaratu du, eta espainiar nazionalismoak lehenetsi du batasuna bermatzea gauza guztien gainetik, demokrazia defendatzea bigarren mailan jarrita. Hau da, onargarria zaie demokraziari zulo edo kalte galantak egitea, Espainiaren batasuna mantentzeko bada. Ez dute horrela esplizitatzen, baina euskaldunok baditugu fronte nazionalista espainiarraren adibide argiak. Zer da bestela Legebiltzarrean gehiengo unionista lortzeko ezker abertzalea legez kanpo jartzea, eta gehiengo faltsu horrekin gobernua osatzea, etengabe ‘desberdinen arteko akordioa’ aldarrikatu ondoren?
Andaluziak erakutsi du Espainian tentsio nagusia ez dagoela ezkerraren eta eskuinaren artean, baizik eta espainiar nazionalismoaren eta nazio periferiakoen artean. Desoreka egiturazko batekin: espainiar nazionalismoak dauka boterea eta ez du arazorik ultranazionalismo bihurtzeko, ‘a por ellos’ lelopean eta erregearen babesarekin, Aznarrek oparitu zien ‘konplexurik gabeko espainiartasuna’ oinarri hartuta.
Andaluzian gertatu dena heda daiteke Espainian, nola ez.
Espainia gero eta gutxiago ulertzen dot. Edo -bestela esanda- urteak joan, urteak etorri, ez da benetako ezer aldatzen betiko Espainia kasposo horretan. Hau tristura!
Esango nuke betiko Espainia inperiala lausotu bakarrik egiten dela haize modernoak datozkionean; baina berniz axalekoa besterik ez da, sentimendu primarioak azaleratzen direnean (batasun sakratua, nagusiki) ez dago zalantzarik. Zoritxarrez.
Vox ez da arazoa, soilik sintoma da. Sukarra bezalaxe.
Pingback: Ultranazionalismoa • ZUZEU