Jubilatua eta bloga

Aurten jubilatu naiz. 2011n aukera izan nuen Kutxan 25 urtez egindako ibilbidea eteteko; eta lanera ez joateko lizentzia eman zidaten (beste 500 inguru lankideri bezala) nahiz langile izaten jarraitu. Harrezkero izan naiz Topaguneko eta TOKIKOMeko lehendakari, dedikazio mugatuarekin, eta (Kutxabank-en eszedentzia hartuta) Gipuzkoako aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari, neurririk gabe lanean murgilduta. 

Orain jubilatuta nago, pentsioa kobratzen hasia naiz, alegia. Jubilatua bai, erretiratua ez, ordea. Jarraitzen dut han eta hemen laguntzen. Aldea da orain ez daukadala ardurarik; arduradunak beste batzuk dira, eta horrek asko lasaitzen nau.

Jarraitzen dut Gipuzkoako aldundiarekin kolaboratzen, karguan egon nintzen denboran abiatutako prozesuak burura eramateko. Jaurlaritzatik ere deitu didate tarteka, lan-saio ezberdinetan parte hartzeko; edota Uda ikastaroetatik. Aurtengo lanik handiena, baina, Eusko Ikaskuntzaren kongresua izan dut. Euskararen etorkizuneko ildoan talde eragileko kide nintzen lehendik eta, behin jubilatuta, denbora gehiago eskaini ahal izan diot prozesuari. Azkenean, Mendeurreneko kongresuan ere tokatu zait ageriko lan batzuk egitea, eta sukaldeko beste hainbat.

Bada nire ezaugarri bat: gizarte dinamiketan sartzen naizenean, aurrera egin ahala ia beti joaten naiz gero eta lan gehiago hartzen.

Kontua da hainbeste saltsa artean ahaztu egin zaidala bloga elikatzea. Twitter-i eutsi diot, baina blogeko azken sarrera maiatzekoa da, justu jubilazio paperak egin nituenekoa. Jubilatu eta bloga ahaztu! Ez da normala, logikoagoa dirudi alderantziz izatea.

Beraz, erabaki dut blogari berriro heltzea. Denbora gehiago izango dut, eta gairik ez da falta. Areago, uste dut Euskal Herria aldi oso beroa bizitzen ari dela azken urteotan, dinamika berri ugari sortzen ari dela, lankidetzan eta herri arduran oinarrituta. Adibide hurbileko bat emate aldera: joan den larunbatean, Oñatin, Eusko Ikaskuntzak egitasmo partekatua aldarrikatu zuen Euskal Herriarentzat eta proposamenez betetako liburu zuri bat eskaini, aditu, aritu, ordezkari eta herritarrekin landutakoa; eta euskararen lurralde guztietako agintari gorenak ere egitasmo partekatuaren alde agertu ziren, ekitaldi berean. Noiz hitz egin genuen azken aldiz Euskal Herriaz serio samar?

Ez dakit nolako maiztasunarekin, baina errepidean naiz berriro. Oh, yeah!

 

 

 

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude