Industria hasi zen, baina gero eta esparru gehiagotan erabiltzen da 4.0 marka. Adierazten du teknologian eta metodoetan belaunaldi berri baten etorrera, gauzak egiteko modu aurreratua.
Gipuzkoako Aldundian 4.0 moldean ari gara, hizkuntza gaietan ere. Legealdi hasieran esan genuen, diputatu nagusiaren ahotik, euskararen biziberritze prozesuan bidegurutze batera ailegatuta geundela, bide berriak elkarrekin bilatzeko ordua zela.
Ba horretan gabiltza aldundian, beste euskal administrazioekin eta, bereziki, euskararen gizarte erakundeekin batera, pentsatzen: “zer egin behar dugu diferente eraginkorrago izateko?”
Bi urte pasata, bilatze lanaren lehen emaitzak erakutsi nahi ditugu. Aurkezpena datorren astean egingo dugu Orona Galleryn, eta uda ondoren eskualdeetan ibiliko gara, tokiko eragileekin lankidetza sendotzen.
Aurrez, ostiral eguerdi honetan Udaltop jardunaldian agertu da 4.0 moldearen adierazle ezin argiagoa: Jaurlaritzako HPSk eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin landu ondoren aurkeztu dute gizarte aktibazioan lankidetzan jarduteko lan ildo bat, epe luzekoa, erakunde publiko eta gizarteko guztiei zabalduko zaiena. Ona!