Badira bost hilabete aldundian zuzendari kargua hartu nuela. Eta betea izan da udatik honakoa: plan estrategikoa, aurrekontuak, taldea ezagutzea, bisita andana, suteren bat edo beste itzali beharra, Batzar Nagusietako agerraldiak, elkarrizketak…
Ilusioz hartu nuen eginkizun berria eta are ilusio handiagoaz nago gaur. Lankidetzarako proposamenek harrera ona izan dute, diskurtso berritua bidea egiten ari da eta, lehen urrats hauek animatuta, egin daitekeenaren listoia igotzeko modua ikusten dut hurrengo txanpan.
Zein norabidetan? Bada, udalekin harremanak sakondu, teknikariekin bezala hautetsiekin, eta tokiko aktibazioa sustatu; arlo sozioekonomikoan, garapen ekonomikoa eta soziala uztartu, eta eragileen jardueran gizarte erantzukizuna txertatu, hizkuntza berdintasuna barne; 2018ko urteurrenak baliatuta behingoz sortu gure hiztun komunitateak behar dituen hainbat egitura estrategiko… Dagoeneko ikerketa lerroak abian ditugu berrikuntza hori guztia oinarri sendoz egin dadin; eta, guztiaren txapel, akordio soziopolitiko bat bilatuko dugu, urrats hauek egin daitezen giro barean eta herri ikuspegiz.
Ez da ilusio handiz egoteko?