Apalaldia edo…

argiaArgia, 2015.11.01

Zorroztasun handirik gabe “apalaldian gaudela” esan nion kazetariari, euskararen biziberritzeaz ari ginela. Eta biharamunean Anjel Lertxundi nuen galdezka –ondo zorrotz- ea nola geunden zehatz: umil apatiko, dekadentzian ala barealdian. Egun gutxira, gai beraren bueltan Patxi Baztarrikak zioen berak ‘geldialdia ez’ baina bai ‘ziurgabetasuna’ ikusten zuela.

berrikuntzaHitzak hitz, uste zabaldua da biziberritze prozesuaren erritmoak ari direla apaltzen, eta orain arteko ekintzak errepikatze hutsarekin ez ditugula orain arteko hazkundeak errepikatuko. Alegia, berrikuntza dosi handiak beharko ditugula aurrera begira. Zertan? Hona nire lehentasunak.

Ikerketa eta zientzia. Herritarrei galdetu egin behar zaie bere hizkuntza jokabideen zergatiaz, eta erantzunei zientzia ezberdinak aplikatu. Ikerketa/zientzia binomioak emango digu oinarria epe luzeko estrategiak marrazteko eta horien araberako plangintza zehazteko. Erakundeen ahalmenari eta gizartearen ekimenari erantsiko genieke hirugarren erpin bat, ezagutzarena, eta triangelu horretan orekatuko lirateke indarrak, funtzioak eta osagarritasunak.

Tokiko aktibazioa. Euskaltzaletasuna zimeldu egin da profesionaltasunak gora egin ahala. Uste dut ezinbestekoa dela berreskuratzea auzo, udal eta eskualdeka dinamika moderno bat euskaltzaleak aktibatuko eta elkartuko dituena, bai ‘profesionalak’ (hautetsi, teknikari edo sektorekoak) eta bereziki militanteak (euskara elkarte eta gizarte eragileetakoak).

Diskurtsoen eguneraketa. Oso garrantzitsua da nola azaltzen ditugun gauzak eta nola argudiatzen politikak. Diskurtso bakarra baino, hainbat behar ditugu; elkarren artean koherenteak, noski, baina hartzaile ezberdinei egokituak. Adibidez, udan hartu nuen zuzendaritzari izena aldatze soilak ate ugari ireki dit, espero nuenetik askoz harago.

Blindatze politikoa. Kargu berrian egiaztatzen ari naiz une egokia dela hiztunen arteko zoru komuna definitzeko, askatasuna, berdintasuna eta justizia oinarri hartuta; eta posible dela zoru komun horren gainean akordioen aro berri bat abiatzea, euskara biziberritzeko prozesua liskar politikoetatik blindatuko lukeena.

Esandako ezer ez da guztiz berria, are gutxiago nik asmatutakoa. Baina sinetsita nago berrikuntza dela, ezer baino lehen, jarrera bat. Eta ditxosozko apalaldi, geldialdi edo ziurgabetasunak horixe ekar lezakeela –hain zuzen- opari: gu denongan piztea berrikuntzarako jarrera.

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude