Ez nuen asko espero zahartzaroan gertatuko zitzaidanik. Baina ardurak uzteko adinean hartu dut nire lehen kargu publikoa. Ilusioak dauka kulpa, zerbait egiteko aukera eskura ikusten dudanean piztu egiten zait, umetan bezain indartsu.
Inguruan batzuk harritu egin dira izendapenarekin. Neroni ere bai. Badaramat 25 urte nire iritzia libre ematen hainbat hedabidetan eta izendatu nautenek bazekiten nire berri. Hala ere –edo agian horregatik- apustua egin dute. Nik ere –hain zuzen horregatik- apustua egin dut.
Ormaiztegin jaio garenok ondo ezagutzen dugu zubien balioa. Eta Debagoienean garatuta, berez ikasten da lankidetzaren kultura. Hain zuzen. horiexek izango dira nire jardunaren bi zutabeak: zubiak eraikitzea eta lankidetza sustatzea.
Euskararen prozesua motel aldian dago; etorkizuna usaintzen, norabide bila; egindakoaren hausnarrean, lanabes eta jarduera berriak asmatzeko. Begirada luzatzeak lagundu lezake egitekoa adosten. Zubiek eta lankidetzak indartu egingo gaituzte. Auzolanean jardunda, euskaltzaleon etorkizuna bete daiteke bizipozez. Eta nik nire alea jarri nahi dut, beste ale bat. Oraingoan kargu publikotik.