Inazio Arregi ondorengo izan nuen Goienako Zuzendari moduan, eta lankide izan dut TOKIKOMen. Eta, biok jubilatuta, lagun jarraitzen dugu.
Lagun tonuan idatzi du nire izendapenaz bere blogean. Eta nik, hunkituta, honakoa erantzun diot:
“Inazio! Asko, ikaragarri estimatzen diat idatzitakoa. Hurbilean ibili gaituk, bereziki TOKIKOMen txanpan, eta bazekiagu biok nolako urritasunak bizi izan ditugun toki komunikabideen esparruan. Hain zuzen, entzuten genuenean indarrak metatuta indar berria sortzen zela, guk asmatu behar izan genian ahuleziak metatuta ere -ahulezia bakarrik baigenian ugari- indarra sortu zitekeela. Eta, beltzean ere argirik bazela sinetsiz lortu diagu ahulen arteko elkartasunetik urrea ateratzea. Zinez, orain urrea -ez dirua- ugari ikusten diat elkarrekin jorratu dugun tokiko komunikazioan.
Asko, ikaragarri estimatzen diat izan dugun lankidetza eta oraingo aitortza hau. Eszeptiko bihurtzeko adinean sartuta ere, ume txikiak bezala ilusionatzen nauk aukerak ikusten ditudanean. Eta sinetsita nagok une hau -erdian den hamarkada hau- bidegurutze erabakigarria dela euskararentzat, definitu beharrean gaudela amaitzen ari den zikloa jarraitu eta gaindituko duen ziklo berri bat. Eta gogotsu sentitzen nauk horretan nire ekarpena egiteko.
Bazekiat eginkizun horretan neurri batean edo bestean laguntzaile izango zaituztedala honainoko bidean egindako lagunak. Oihartzun handia izan dik nire izendapenak, morbotik ere izan duelako, seguruenik. Zientoka mezu jaso dizkiat zorionak eta animoa emanez. Eta horrek sekulako indar txutea ematen zidak.
Mila esker hiri ere, Inazio. Nigan ikusi dituan balio horiek izan daitezela berriro baliagarri euskararen bueltan indarrak eta ahuleziak metatzeko, epe luzeko egitasmo adostu baten mesedetan. Eta on egin deiala txakolinak!”
Aupa Mikel:
Esaten duan moduan eszeptiko bihurtzeko adinean sartuta gaude, norberaren unibertso existentziala murrizten hasten den aroan eta oroitzapena geroari tokia irabazten hasten zaion tenorean.
Orduan, parez pare zabaldu behar zaizkio langak ate-joka datorrenari eta iragandako bizipenei tokia egin. Lagunak, lankideak, gogora etortzen dira, eta bizi izandako une onenak eta besteen dohain eta balio positiboak azpimarratzea hobe da egoera ilunen zamak jazarrita itotzea baino
Zalantzak izan nituen hire izendapenari buruzkoa argitaratu ala ez, euskaldun bezala ez bainaiz laudorioetan erraz hasten denetarikoa. Azkenean egin nuen gezurrik esaten ez nuelakoan.
Egunen batean zerbait behar baduk badakik non nagoen, baina kontuan izan Mugarik gabeko aitona-amonen Gobernuz Kanpoko Erakundeak denbora asko kentzen didala dagoeneko, eta abuztutik aurrera are gehiago kenduko didala.
Bejondeiala, Inazio! Bizitzaren hirugarren txanpa horrela hasita -baikor, lagunkoi eta umoretsu- zahartzaro ederra izango duk, ziur. Zinez uste diat dagoeneko antzematen ditugun galerak eta etorriko direnak eramangarriak direla bizitzaren eguneroko oparia estimatzen jakinez gero. Eta horretarako ona duk garai gazteetako zurruntasun eta segurtasun batzuk galtzea, azal gogortua mudatzea eta sueltoago jardutea. Hik egin duana laudorioekin. Hurbilean gozo jokatuta maitasuna jasotzen duk bueltan, eta horrek jasangarriago egiten dik belaunetako mina. Horregatik, berriro mila esker eta besarkada handia. Hire bilobek ditek pagotxa horrelako aitaitarekin!