Aspalditxotik nabil aldarrikatzen boto mugikorra. Alegia, oso sanoa dela botoa alderdiz aldatzea, aldiro sarituz edo zigortuz haien jarduna. Sinetsita nago zenbat eta siglen morrontzatik askeago izan hautesleak, orduan dela gizartea bere etorkizunaren jabeago.
Eta azken hauteskundeotan botoa dezente mugitu da. Nafarroan lehen aldiz posible da orain arte gobernatu duten alderdi guztiak oposiziora bidaltzea. Nik iraulketa horretan ikusten dut gizarte batek egin lezakeen soberania ariketarik gorenena. Gipuzkoan lehengora itzuli dira urak, neurri batean. Bilduk uste izan zuen 2011ko garaipenak ez zuela atzera bueltarik, baina gipuzkoar gizarteak erakutsi du ez duela txeke zuririk sinatzen, aldiro irabazi behar dela bere borondatea.
Araban mugimendu interesgarriak gertatu dira: Marotori ‘lePenismoa’k aldeko boto batzuk eman dizkio, baina aurkakotasuna izugarri areagotzearen truke; aldi berean, Podemosek unionismo tradizionala higatu du eta abertzaleek ondo eutsi diote. Euskal nazioaren ikuspegitik, Araba ez da dagoeneko ‘zazpigarren alaba’. Azkenik, Bizkaia da botoa gutxien mugitzen den herrialdea. Egia da ezkerraldea jeltzaletu egin dela urteen poderioz, han ere amore eman balute bezala alderdi nagusiaren aurrean. Baina nagusitasun hori berretsi egiten da, urteak joan, urteak etorri.
Hala ere, nahiz EAJren indar posizioa hedatu den lau herrialdeetara, nago Bizkaitik kanpo molde berrietan jardun beharko duela aurrerantzean. Izan ere, betiko alderdi unionisten botoak beherantz egin du nabarmen, eta jeltzaleek hor aurkitu dituzten ohiko aliatuak gero eta ahulagoak dira. EAEn sozialistekin egingo dute itun nagusia, itxura guztien arabera; baina ez zaie beti aski izango eta, botoen mugikortasunari erreparatuz, ez dirudi etorkizun luzeko formula denik.
Nafarroan daude niretzat gako guztiak: jarraitu behar da aldaketaren oinarri soziala handitzen; nafarren erabakitzeko eskubidea tresna indartsua izango da borondateak batzeko; gobernu mota ezberdinak dira posible aldaketaren baitan; adosten diren edukiak interesgarriak izango dira EAErako ere… Esango nuke Nafarroan egos daitekeela euskal hiritartasun berri bat, irekia, partekatua, euskaltzale eta solidarioa… Eta bistan da mugitu diren botoek ekarri dutela aukera hori.
Ergo… boto mugikorra ugalduz erdietsiko ditugu hain beharrezko zaizkigun gizartearen emantzipazioa eta alderdiekiko oreka berria.