Xabier Leteri ikasi genion hitz berria: arragoa. Gaztelaniazko ‘crisol’ ordainak ez zigun asko lagundu esanguraz jabetzen. Baina kantuaren letrak azaltzen zuen Nafarroa zela osagai ezberdinen topagune: zuhur eta eroa, mahats eta gari, maitasun eta gorroto, gezur eta egia…
Berrogei urte geroago, Nafarroa oraindik da osagai horien guztien arragoa. Eta egunotan beste bat ere erantsi behar da: itxaropena. Nafarroan jokatzen da igandeko hauteskundeetako partidarik erabakiorrena. Beste euskal lurralde- etan zer gerta ere, gobernua hartuko du lehen ere gobernuan egondako alderdiren batek. Baina Nafarroan gerta liteke oposizioan geratzea hautes- kundeak daudenetik agindu duten alderdi guztiak.
Eta hori iraultza erabatekoa litzateke. Iván Giménez kazetariak ‘corralito foral’ izendatu duen nafar boterea gainbehera etor daiteke lehen aldiz botoen bidez, eta horrek atea zabalduko lioke Nafarroa euskaldunago, irekiago, parte-hartzaileago eta gardenago bati. Aldaketa gertatzen bada, nafar arragoan has daiteke gauzatzen nik amesten dudan euskal gizarte berria.
Ezingo diet botoarekin lagundu, baina domekan Nafarroan izango dut gogoa.