Beasaingo Tantai brikodendan nengoen gaur 34 urte, arratsaldez Tejero Madrilgo Gorteetan sartu zenean. Tantai aroztegian egiten nuen lan Lazkaon, baina egun batzuk lehenago lan istripu bat izan nuen eta, arotz zailduari dagokion moduan, atzamar baten punta oparitu nion zepilladora txikiari, eta zauria sendatu arte ezin nuen aroztegiko lanik egin, horregatik bidali ninduten dendara.
Eta, han nengoela, Ormaiztegiko ezagun bat sartu zen dendan eta esan zigun Madrilen zeozer gertatu zela Kongresuan eta irratia jartzeko. Orduan jakin genuen Tejero koronela historiara pasaraziko duten argazki eta esaldien berri. Argazkia mundiala da, oso zinematografikoa, gizon berdea kasko txarolezkoarekin, bigote ugaria alboetan eroria eta pistola eskuan, gorputzean mehatxuzko keinu nabarmena. Eta esaldiak ere ez dira makalak: lehenbizi “¡Quieto todo el mundo!” eta gero “¡Se sienten, coño!”, gidoilaririk onenak ere asmatuko ez lituzkeen esaldi biribilak.
Jendea larritu egin zen, eta esaten da goi -oso goi- kargu bat itsasoratu ere egin zela iluntze hartan, estatu kolpeak aurrera eginez gero ez zezaten harrapa. Nik ere errepasatu nituen nire bekatuak: ESBko militantzia eta HBren sorreran parte hartu izana ez ziren oso grabeak, ze ez nintzen oso agerian ibili; baina HBren hautagai izana bazen bekatu nabarmena eta publikoa, nahiz Batzar Nagusietarako izan zen hautagaitza eta inork ez zekin zer ote ziren delako Batzar Nagusi horiek.
Eta orduan agertu zen Pujol, orduko sasoian gure Jordi guztiz honorablea -gaur ustez gaizkile dinastia baten burua eta Kataluniaren kontra Espainiak nahi lukeen suntsipen handiko arma- eta kazetariei esan zien artean honorable zenak nola errege Borboiari deitu berri zion eta hark –beti kanpetxano- lasaitzeko gomendatu zion esanaz: “Tranquilo, Jordi, tranquilo”. Beno, Pujolek zehazki “tranquilu” esan zuen, katalandutako espainolez, baina aldaera hori berea zen, ez Borboiarena.
Kontua da orduak aurrera lasaituz joan ginela poliki poliki gu Ormaiztegin, baina ez gure anaia Ale, hura Cartagenan zegoen soldadu eta han Milans del Bosch izeneko buruzagi militarrak tankeak kalera atera zituen eta anaia larri ibili zen zirimola horretan gauerdia pasatu arte.
Geroztik adituek esan dute Tejerok porrot egin zuela baina ez indar faktikoek, harrezkero Espainian tentu handiz ibili direla politikariak, nahiz hurrengo gobernua sozialistena izan zen. Nik ez dakit, baina hainbeste urte pasa ondoren opereta txungo baten antza ematen diot 23-F delakoari. Eta Espainiari berari.