Argazkian, 3/4 urteko mutiko nintzela, Irizar enpresaren ekitaldi batean. Zutik aurreratuta, aita Migel Mari.
Gaur (otsailak 10, 2015) betetzen ditut hirurogeita bat urte. Eta apirilean beteko dira lau Kutxarentzat lan egiteari utzi niola. Lau urte ederrak izan dira, beteak. Besteak beste Fatimak ere ikastolako bere lana bateratsu utzi eta urteok elkarrekin bizi ahal izan ditugulako.
Azken lau urteak beteak izan dira, bai. Eta baita aurretik Kutxako azken bostak ere. Erdiak eman nituen hizkuntza kudeaketaren eta barne komunikazioaren arduradun. Eta beste erdiak gizarte ekintzaren gidaritzan. Bizitzan lehen aldiz aukera izan nuen probatzeko zer den jardutea botere gorenaren ingurutik eta baliabide ugarirekin. Eta esperientziak frogatu dit emaitza bikainak eta azkarrak lor daitezkeela baldintza horietan; baita ere bestelako estrategiak garatu behar direla boteretik urrun eta baliabidez urri egonez gero.
Aske naizenetik, bi urte eman ditut arduratan, Euskaltzaleen Topagunean eta TOKIKOMen. Hauek ere urte ederrak izan dira, Kutxako moketa dotoreak baino lehenagotik ezagutzen nuen euskalgintzaren baitan. Esan behar dut euskalgintza organikoa aurkitu dudala trantsizio betean, alde batetik jabetuta aro zaharraren amaieraz, eta bestetik nahastuta aro berrian egin beharrekoez. Kriseiluak pizten ari dira han eta hemen, baina oraindik ez dago argi nahikorik etorkizunaz.
Aje zaharrek hor diraute, bai autokonplazentzia merkeak eta baita ameskeria zakarrak ere. Baina esango nuke tarteko jarrera ari dela indartzen, aro politiko berriak ahalbidetuta. Tarteko euskalgintza hori da ideologikoki askotarikoa, irekia; eta metodologian ere bai, hau da, hizkuntzaren aldeko lanean tresna guztiak erabiltzeko gai. Euskalgintza jantzia ari da sortzen zientziaren adar ezberdinen ezagutzatik; euskalgintza arrazionalagoa, gure belaunaldi pasionalaren aldean. Euskaltzale gazteak ikusten ditut –oro har- gu bezain konprometituak eta gu baino azkarragoak.
TOKIKOMen daukat itxaropen handia. Duela hamabost urte toki komunikabideek Debagoienean hasitako bilakaera bateratzailea orokortzen ari da eta, okerrik ezean, bizpahiru urteren buruan behetik gora sortutako sare komunitario indartsu batek har lezake Euskal Herri osoa, norabide orotariko komunikazioa euskaraz jorratuz. Uste dut sekulako palanka izan daitekeela gure herri garapenean.
Eta jarraitzen dut lankidetzan hedabideekin, eskatzen didaten guztiekin: Goiena, ETB1, Radio Euskadi, Euskalerria irratia, Argia… Eta tarteka elikatzen ditut blog hau, eta nire Twitter kontua, eta…
Eta jarraitzen dut herrigintzan Elorrioko Gure Esku Dago taldean. Beti egiten zait erakargarri zubigintza eta gizarte kohesioa bilatzen dituen lana.
Eta ezin ahaztu Esteñibar, nire egunerokoaren ardatza; eta bereziki mahastia, denbora gehien hartzen didan egiteko ederra.
61 urte eta bizipoza. Ez da balantze makala!
Bejondaiala!
Eta urte askotarako. Oin 100 urtetik gora daukan jendia boskoiztu ei dok hamar urtian. Beraz… nik daukadazenak beste urte jarraittu heinke ilusionatzen daben proiektuetan. Ez egon geldi, e?
Ez dituk egunero betetzen. Urte askotarako!
Mila esker, Iban eta Inazio. Zuen moduko bidelagunek aberasgarriago bihurtzen dute bidea.
Urte askotarako Mikel, atzerapenez. Eta segi batean eta bestean iritziak ematen, laguntzen, proposatzen… Ondo etorriak guztiak!
Eskerrikasko, Eneko! Zuen ustez nire ekarpenek balio duten bitartean, ni prest.
Zorionak, Mikel! Pozten nauk hire bizipozaz.
Zumaiara etortzen haizenetan ezin parean tokatu ta hona etortzen nauk tarteka hire hitz beti beteak “entzutera”.
Segi horrela!
Mila esker, Iñaki! Parean tokatzeko beste aukera bat duk zuek bisitan Elorriora etortzea. Animatu! Besarkada bat etxekoandreari eta beste bat hiretzat.