Begirada luzea

congestvasGogoan dut nola, Madrilen bizi nintzela nerabe, aitaren liburutegian aurkitu nuen liburukote handi eta mardul bat. Bertan jasotzen ziren Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egindako Kongresuaren ondoriozko dokumentuak. Liluraz beteta aurkitu nuen han Euskaltzaindiaren sorrera, eta ikastolena, eta beste hainbat hausnarketa estrategiko baliotsuak. Begirada luzeko jarduna egin zuten Oñatin bildutakoek, hamarkadetarako argitu zioten gizarteari egitekoa. Bejondeiela!

congestvas2

Berrogei urte geroago orduko lilurak bizirik dirau. Seguruenik ez delako gurean antzeko argialdirik berriro gertatu. Franco hil inguruan ekintzarako presak galarazi zigun hausnarketa, eta geroztik apenas izan garen gai burua altxa eta begirada luzatzeko.

Eta gaitza bereziki larria egiten zait oraintxe bizi dugun bidegurutzean, ez baita sumatu ere egiten nork har lezakeen bere gain hausnarketa estrategikoaren ardura. Erakunde zibiletan, egungo Eusko Ikaskuntza –ahaleginak ahalegin- ez da ordukoa eta Unibertsitateak itota ikusten dira eguneroko kudeaketarekin. Eta erakunde politikoetan edo alderdietan lau urte da ikuspegietarako eperik luzeena, hortik gorakoa ezer gutxi da betelanetik harago.

Kontua da ez daukagula ikuspegirik gure tribuaren geroaz, zehaztu gabe daukagula helmuga urruna, eta haraino daraman ibilbidea, eta biderako beharko ditugun tresnak, eta tarteko helmugak, eta epeak, eta baloraziorako adierazleak, eta… Eskoziak 600 orrialdetik gorako liburukotea idatzi zuen independentziaren gainean, eta ziur nago ariketa hori egiterakoan gauza asko argitu dituztela etorkizunaren gainean. Kataluniak ere egin du beste horrenbeste, eta areago argituko zituen gauzak ze haien liburukoteak… 1.400 orrialde ditu!

Euskaldunok ez daukagu liburukoterik, ez eta –beste koronel hark bezala- idatziko duenik ere. Alderdi batek ezin dio erronkari erantzun, gurean ez dago SNP eskoziarraren parekorik. Eta katalanen formulak –aditu taldearenak- balio zezakeen baldin eta izango bagenitu esparru askotako aditu jakintsuak eta umilak, konprometituak eta askeak.

la noriaBitartean, liburukotearen faltan, temati jarraituko dugu bueltaka astoa norian nola, begirada luzatu ordez lurrari so, arazoak ukatzen edo arazo guztien kulpante bila, pozik versus negarti, bakoitza bere sektari atxikita.

Uf!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

6 erantzun Begirada luzea-ri

  1. egilea: niaur

    Guk aurreragoko lanak baditugu zaborrak kudeatzen. Astoak burua altza ezinda eta inguruan jantzakurrak, eta beti betikoak gainera. Eurak ezertarako gai ez direla ikusiarren ez dituk etxera erretiratuko ez. Nola ba!

  2. Pingback: “Kontua da ez daukagula ikuspegirik gure tribuaren geroaz”, Mikel Irizarrek

  3. egilea: Oier Araolaza

    Mundua dantzaren betaurrekoekin ikusten dut eta, ezin izan diot jarri duzun argazkiak eskaintzen didan hariari muzin egin. Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko 1918ko kongresu hartan aurreskua edo soka-dantza dantzatu zuten partaideek; irudian ikusten den unea da hori. Elkarri eskuak eman eta plazara atera ziren dantzara. Nekez asma daiteke hori baino irudi indartsuagorik herri baten asmo eta jakiteak adostu eta batzeko elkartu zirenen aldetik. Herriaren aurrean, elkarrekin dantzan, eskuz esku. Gaur egun ezinezkoa da irudi hori, zerorrek ongi azaldu dituzun arrazoiengatik, baina baita ere, gaur aurreskua dantzari batek jaun-andere agurgarriak ohoratzeko egiten duen erakustaldi indibidualtzat daukagulako. Gaurko “inportanteek” ez dute elkarrekin dantza egiten, bere tokian geldi egoten dira aurrean plantatu denak pleitesia agertu diezaion. Horixe da aurreskua gaur. Zeuk hitzez kontatu duzuna bat dator dantzak bisualki kontatzen digunarekin.

  4. egilea: Luistxo

    Jakiunde ahaztu zaizu, 21. mendeko sorkuntza alfer alferrekoa. Joxe Aranzabalek Wikikunde proposatu zuen…

    Hala ere, atentzioa deitzen dit zure bat-bateko pesimismo honek. Uste nuen Gure Esku Dagoren mobidarekin ilusionatuta zeundela (motibo barik, nire ustez, baina hori beste kontu bat da).

  5. piperrautsa egilea: piperrautsa

    Irakurketa adierazgarria, Oier, argazkiari egin dioana. Bitxia duk zenbateraino bat datorren nire kezkarekin.

  6. egilea: Jon

    Aupa Mikel!
    Eskerrik asko zure proposamenengatik. Oraindik ere euskalgintzan elkarlanean ari den jende asko dago, bakarkako eta talde dantzan. Astelehen pixka batekin gaudela esango nuke, zenbait amets ez da guk nahi bezela bete, eta ondoren, kexak, konfidantza falta, ironiak, zinismoak…
    Aspalditik eta luzerako gara. Eutsi goiari eta segi, denen ekarpenen beharrean gaude eta. Badator udaberria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude