2014 errepasoa eta 2015 aurreikuspena

goiena

2014ko urtekaria

2014: on eta txar, denetarik

Debagoienean industriak eman du zeresanik gehien 2014an. Fagorren krisia neurri batean bideratu da Cata enpresari esleituta, baina ertz asko daude oraindik airean: langabetuak, diru ekarpenak, ereduaren gaineko zalantzak… Eta enpresa gehiago sartu dira krisian, Bergarako Candy azkena. Bistan da etxetresnen ekoizpenak ekarpen handia egin diola iraganean eskualdeari, baina hor ez dago maila bereko etorkizunik. Alde onean jarri behar da Bergarako Lazpiurren urteurrenak bistaratu duen eredua: ekoizpenerako malgua, kudeaketan partizipatiboa, gizartearekin konprometitua…

Politikan, gezurra badirudi ere, zaborren kontua izan da gatazka nagusia. Konponbide teknikoetara jo denean posible izan da adostasuna eta, denbora joan ahala, piztutako suak apaldu egin dira. Baina berriro agerian geratu da oraindik ere ze gutxi behar den hemen ezinikusiak eta etsaitasun bortitzak sortzeko. Ez gara oso politak irten argazkian.

Horrekin batera, kezkaz ikusten dut urteak joan urteak etorri eskualdea ez dela behar beste egituratzen eta indartzen. Mankomunitate sendo bat eta epe luzeko plangintza beharrezkoak dira eskualdean aspaldidanik, baina une honetan inoiz baino gehiago. Industriaren indarra krisiak ahulduta eta mendetako isolamendua autopistak zulatuta, Debagoienak etorkizuneko egitasmo sendoa behar du, komunitate gisa iraungo badu.

Euskal Herrian uste dut Gure Esku Dago ekimena izan dela urteko gaia. Bai gizartearen ikuspegitik eta bai politikarenetik ere. Nire interpretazioaren arabera, euskal gizarteak politikan jarduteko bide berri bati ekin dio dinamika honen bitartez. Lelo nagusia -gure esku dago- sorreratik lotzen zaio erabakitze eskubide nazionalari, eta mugimendua norabide horretan abiatu da. Baina nago prozesuak baduela irakurketa sakonagoa ere; alegia, herritarrok gero eta gehiago nahi dugula erabakimena gure eskutan egotea, baita kontu gehiagotan ere. Esango nuke aro bat amaitzen ari dela, lau urtez behin botoa eman eta hortik aurrera gure ongizatea alderdietan delegatzen genuenekoa. Irudipena daukat gizartea emantzipatzen ari dela esparru askotan eta baita ere alderdiekiko menpekotasunetik. Hori sendotzen bada eta boto mugikorra ugaltzen, gizarteak aginte maila bat berreskuratuko du eta oreka sanoagoa lortu ahal izango da gizartearen eta alderdien artean. Katalunia da honetan saihetsezineko erreferentzia.

Aldi berean Espainia gainbehera etorri izanak –ustelkeriak eta autoritarismoak jota- areagotu egin du gure distantzia haiekiko, bai ideologikoa eta baita emozionala ere. Honenbestez, EAEn lehen aldiz hasi da bistaratzen independentziaren aldeko gehiengo soziala osatzeko aukera erreala.

Munduan zalaparta nagusitu da 2014an ere: ebola, Siria, Palestina, Europako krisi ekonomikoa, Estatu Islamiarra… Gehi albiste izatera ere iritsi ez diren beste hainbat gatazka. Aspaldiko kontua da albiste onak ez direla albiste, nekez dutela zulatzen nazioarteko albistegien sabaia. Baina zarata horren azpian sumatzen dut bilakaera interesgarriak ari direla gertatzen kooperazioaren esparruan, etorkizunarekiko gizarte erantzukizunean, ingurumenaren aldeko borrokan, hazkunde etengabearen paradigma ordezkatzeko… Eta horien emaitzak bistaratuko direla noizbait.

2015: hauteskunde urtea

Debagoienak adi egon beharko du industriaren bilakaerari; eta egunotako kooperatiben kongresuak uzten duenari. Euskal Herrian hauteskundeak datoz eta Nafarroan –agian- amestutako aldaketa. Ikustekoa Podemosen eragina; baita Gure Esku Dago-ren bilakaera. Munduan guretzat interesgarriena Kataluniaren ibilbidea, Espainian eta nazioartean.

 

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude