Bi urte luze izango dira Nerea Azurmendik elkarrizketa bat egin zidala Diario Vascon, Euskaltzaleen Topaguneko presidente izendatu berritan. Eta han aipatu nituen Prestige eta belaontzia.
Alegia, euskaltzaleok euskararen egoera azaltzen bagenuen hondoratzen ari zen Prestige-arena bezala, nekez igoko zela inor ontzi horretara; aldiz, belaontzi atseginaren irudia erakargarriagoa egingo zitzaiela euskaratik urrunago zeudenei.
Elkarrizketa haren oihartzun baikorra jaso nuen argitaratu berritan eta geroztik ahaztua nuen. Harik eta irten berri den liburu batean egileak aipatu duen arte, euskaltzale batzuk barneratua daukagun endekapenaren adibide.
Elkarrizketa hura Diario Vascon argitaratu zen, gaztelaniaz, eta nire adierazpenak bereziki zuzenduak zeuden euskararik gabeko baskoei, gipuzkoarren erdia eta donostiarren bi heren. Hori kontuan izanda doitu egin nuen nire hizkera interesatzen zitzaidan xede taldearen belarrira.
Gauza bera egiten ahalegintzen naiz Radio Euskadiko tertulian. Topaguneko ardura utzi berritan hasi nintzen bertan, udaberrian, eta nire ahalegina da euskararen alde egitea tertuliakide eta entzule gehienek ulertu eta onartuko duten errejistroan. Eta esango nuke dagoeneko zulo batzuk egin dizkiodala haiek eta gu banatzen gaituen harresiari. Mailu gehiago, borrak eta hondeatzaileak ere beharko ditugu harresia erabat eraisteko, baina hori etorri bitartean lehen zuloak laguntzen du bigarrena egiten. Denok ditugu gogoan Berlingo harresiaren irudiak, bakoitzak ahal zuen tresnarekin jotzen, zulatzen, higatzen…
Telebistako Azpimarran ere aritzen naiz, euskaraz. Eta hemen edo REn ez dut berdin hitz egiten, hartzailea ezberdina delako. Konbentzituta nago bertute bat dela mezua doitzearena, eraginkortasuna irabazten dela horrela.
Eta ez dut uste gauza bera direnik malgutasuna eta mendekotasuna. Malgu agertu nintzen Diario Vascon oso argi neukalako nondik eta norengana ari nintzen. Baina Kutxan hizkuntza kudeaketaren arduradun izan nintzenean ez nuen arazorik izan zegokidan aginpidea erabiltzeko arauak eta tresnak jartzen euskarak aurrera egin zezan. Eta dakienak badaki denbora laburrean iritsi ginela oso gradu altura –seguruenik maila horretako erakundeetan lortu den altuenera- agintea ondo erabiliz.
Dagoeneko asko gara euskaltzaleok, eta askoz gehiago izan beharko dugu euskara normalizatuko bada. Eta askotasunak aniztasuna dakar, motibazioetan eta jarreretan. Beraz, euskaltzaletasun mota guztiak dira balekoak: interesatua, ideologikoa, etnikoa eta folklorikoa. Eta tresna guztiak mesedegarri euskararen alde: agintea eta sedukzioa, irmotasuna eta glamourra, aldarria eta umorea…
Prestige ala belaontzia? Gaur gaurkoz, zurrun baino malgu hobe.