Eztabaida berriak ari dira loratzen gurean, aspaldi behar genituenak. Hogeitamar urte eta gero, hasi gara hitz egiten askatu beharreko korapiloez: subjektu politikoa eta lurraldetasuna, barne antolamendua eta lurralde historikoak, identitatea eta independentzia…
Azken esparru honetan sartzen da bete-betean euskararen eta independentziaren arteko harremana. Eta lehen unetik ari da plazaratzen exijentzia moduko bat euskaltzaleoi independentziaren alde konprometitu gaitezen, erabat segurua bailitzan independentziak –eta berak bakarrik- bermatuko diola etorkizuna euskarari.
Eta ez, ez da gauza segurua. Independentzia prozesu batzuk bai garatu dira bertako hizkuntzan edota bere mesedetan –errepublika baltikoak, Katalunia…- baina beste batzuk ez –Irlanda, Eskozia…- Esango nuke bata edo bestea gertatzen dela hiztun komunitate bakoitzaren tamaina eta indarraren arabera, eta hori horrela bada gure komunitatea asko indartu beharko dugu balizko independentzia euskararen mesedetan izan dadin.
Bada beste kontu bat ere: independentzia irabazteko aski izan liteke hautesleen % 51a lortzea, nahiz % 49a aurka egon. Ordea hizkuntza bat normalizatzeko ez da aski % 51 hori, gutxieneko baldintza da ulermen unibertsala, besteak beste. Eta gainera komeni da aurkakoak izatea ahalik eta gutxien.
Gauzak horrela, euskararen normalizazioak eskatzen du independentzia zaleek euskaraz egitea eta baita unionistek ere. Hizkuntzaren biziberritzea ezin da mugatu bi esparruetako batera. Ikuspegi honetatik, euskaltzale banakoak izango du bere hautu politikoa, tartean independentziarena. Baina euskararen gizarte erakundeei ez dagokie hauturik egitea.
Zilegi den moduan independentzia zaleek nahi badute hautesle euskaltzeak ere gurdira igotzea hartu beharko dituzte konpromiso zehatzak hizkuntzaren gainean. Ezingo dute hizkuntzaren gaia alboratu geroko gerotan, iraganean maizegi gertatu izan den moduan; alderantziz, garbi azaldu beharko dute nola egingo dion mesede independentziak euskararen normalizazioari.
Adibide egokia da Urtzi Urrutikoetxea independentzia zalearen txio hau: “eusk(al) estatuaren 1. lanetakoa, besteek analfabetismoaren aurkako kanpainekin lez, monolinguismoaren aurkakoa egitea” Hori litzateke modua euskaltzale banakoak independentziaren alde jartzeko.
Bitartean, ez ditzagun euskara eta independentzia uztarrian lotu, ez eta elkarren kontra jarri.
Pingback: Zu Eskoziara eta gu Ipar Irlandan (eta Ipar Irlandatik) | Jon Benito