Pozik hartu nuen Itziar Nogerasen izendapena DSS2016rako. Kudeaketan bide luzea du egina eta, hizkuntzari dagokionean, euskaldun osoa eta mundua euskaratik ikusten duena. Noski, amorruz bizi izan nuen bere dimisioa. Norbaitek noizbait azaldu beharko du zergatik ez zuen balio izan Itziarren profilak.
Haren ondorengoak ez daki euskaraz. Eta hautatu duen patronatuko lau erakundeetatik bitan Bildu dago agintean. Horregatik sua piztu da, batez ere ezker abertzalean, ‘etxekoen’ portarearen aurrean. Minez idatzi zuen atzo bertan Berrian Joxe Agustin Arrieta adiskideak: “Nork esango, eta gure alkateak (bai: gure, gure, gure…)”
Euskaltzale moduan aurrekari larria iruditzen zait eta uste dut azalpen gehiago behar dugula. Zergatik ez zen Itziar egokia eta zergatik bai da egokia euskara ez dakien norbait? Ze bilakaera egon da tarte horretan? Eta ze tratu egin da?
Realpolitikaren aldekoa naiz. Uste dut ezinbestekoa dela indar-erlazioa zaintzea euskararen aldeko ekimenetan, eta erlazio horren arabera jokamoldeak doitu egin behar ditugula euskaltzaleok. Zoritxarrez kasu gehienetan indar gutxiegi izaten dugu, horregatik sarri ibiltzen gara indarka eta zakar.
Kontua da euskararen gaia alderdi bakoitzak bere kabuz kudeatzen duela eta horrek are gehiago murrizten dituela indar egiteko aukerak. Ez dago euskararen zubirik alderdien artean, gai jakinetan elkarrekin jokatzeko. Esaterako, ez al zen posible DSS2016ko izendapenerako hizkuntzaren gaineko akordio bat? Ez dirudi zaila patronatu horretan gehiengo euskaltzalea osatzea eta azken erabakiak baldintzatzea hizkuntzaren ikuspegitik. Zergatik ez da egin?
Euskararen normalizazioan alderdiak ez dira aski, ez eta haiek kolonizatzen dituzten erakundeak. Hiztun komunitatearen ordua da, euskaltzaletasuna zoru komun modura ulertzen dugunok erakarri behar ditugu alderdiak esparru bateratu horretara, hizkuntzaren gidaritza denon esku egon dadin eta ez inorenean bereziki. Eta adostu dezakegu realpolitik egitea egoerak eskatzen duenean, baina izango da zerbait onartzea euskararentzat beste zerbait irabazteko, eta ez alderdien arteko abantaila-joko bat.
Bitartean, izendatu berriak ikas dezala euskara. Gaur hasten bada 2016rako lor lezake maila txukuna. Badira adibide argi eta txalogarriak.
Berandu irakurri eta berandu erantzun, Mikel. Esango nuke zure enfokeak Realpolitiketik gutxi duela: tamalez gauzak ez dira horrela egiten, eta horren ondorioa da Berasteguirena bateko, eta, besteko, Patronatuaren azken administrazio-batzordean Bildukoek [ Doonstiako udalak eta Diputazioak) gai-zerrendan ageri ez zen hitzarmen bat plazaratu, eta amarruz 400.000 € eman nahi izan omen dizkiotela Kontseiluari proiektu bat garatzeko. Eta euskalgintzako soldatapeko akolitoak ixil ixilik daudela, txintik atera gabe, baddaezpada. Beste kontu bat: Nogerasek dimititu egin zuen, berak. Berak egin zuen alde (sorpresa galantz Izagirrerentza), eta holxe demostratu zuen zein den bere benetako gaitasuna. Iritsi ere, halaxe iritsi zen. Ikusi zer eskatzen zuten oraingo lanpostu eskaintzan, eta ulertuko duzu zeintzuk ziren Nogerasen gabeziak. Bai Nogerasena, bai Kontseiluarena, oraingoa, bi indikadore oso potente euskalgintza soldatapekoaren kapazidadeaz ohartzeko.
Kaixo, ‘gabon’
Bi eta hiru aldiz irakurri dut zure mezua, eta ikusten dituzun bihurrikeriez aparte ez dut ondo harrapatzen zein den zure tesia. Edonola ere, iritzi truke honekin jarraitzeko kaputxa kendu beharko zenuke, bestela ezinezkoa egiten zait itzal batekin ganoraz aritzea.