Mugimendu estrategikoa

Atzo Gasteizko Lehendakaritzan nintzen Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuenean Euskararen Agenda Estrategikoa. Eta testuaren azterketa zehatza egiteko astirik izan ez badut ere, uste dut egindako mugimendua bera dela estrategikoa, kokatzen duelako euskara Jaurlaritzaren jardueraren ardatzean. Oso ezaguna egin zait egoera, antzekoa bizi izan bainuen duela urte gutxi.

EAE

Gipuzkoako Kutxan hizkuntza kudeaketaren arduraduna izan nintzen 2007-2009 tartean. Eta berehala jabetu ginen euskarak organigraman zuen posiziotik ezer gutxi egingo genuela. Hain zuzen, zerbitzu periferikoa zen Giza Baliabideen alorrean, hein handian itzulpenak kudeatzen zituena eta politikak proposatzeko ahula. Eta beste alorretan eragiten saiatuz gero aski izan ohi zen alorburuen arteko ‘bileratxo’ bat gauzak lehengoan uzteko.

Horregatik, ahalegin guztia bideratu genuen hizkuntzaren kudeaketa txertatzera kudeaketa arruntaren baitan. Eta BIKAIN ziurtagiria izan genuen horretako tresna ezin hobea, erakundeak barneratua zuelako EFQM metodologia bere prozesuen ebaluaziorako. Zerbitzu zentraletan zilarrezko BIKAIN lortzeko prozesuan alor eta alorburu guztiak inplikatu genituen eta, behin helburua lortuta, hobekuntzarako bidean bakoitzari esleitu genion bere ardura zatia. Handik aurrera, urteko kudeaketa plana egiterakoan alor bakoitzak zeuzkan hizkuntza esparruko helburuak eta hauen betetze-maila neurtzeko adierazleak, beste edozein aldagairekin bezala.

Nago HPSk Jaurlaritzan antzeko zerbait egin duela. Hasiera samarretik sortu zuten sail bakoitzean Euskara atala, eta atzokoan erakutsi zuten euskararen normalizazioa Jaurlaritza osoaren ardura dela, sailburu guztiak lehen lerroan jarrita eta lehendakaria guztien bozeramaile. Esangura sinboliko handia izan zuen ekitaldiak, alde horretatik.

Euskararen normalizazio instituzionalean abiatu ginenean, lehen helburua genuen euskarak txoko bat izatea eta horrek izan ditu bere emaitzak. Baina aspaldian ohartuta geunden euskarak –berdintasunak edo ingurumenak bezala- zeharkakotasuna behar duela, egitura osoan eta edozein ataletan eragiteko ahalmena. Horretarako aukera bat da Euskara atala ez lotzea alor edo sail bati, eta zuzenean kokatzea agintari gorenaren esparruan. Beste aukera da erakunde osoaren konpromisoa lortzea eta euskararen ardura denen artean banatzea. Biak onak, biak urrats esanguratsuak aurreko egoeraren aldean.

Atzo azaldutako konpromisoa nola betetzen den ikusi zain, nik behintzat dagoeneko aitortzen diot Jaurlaritzari egindako mugimenduaren estrategikotasuna.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude