Arrazoi pertsonalak medio, hurbiletik ezagutzen dut Itziarrek egin duen ibilbidea udalerri bihurtzeko. Eta malgutasun handia erakutsita adostasun osoz erdietsi behar zutenean auzo udala, hara non alderdi-jokoak sartzen diren tartean eta dena hankaz gora jartzeko zorian dauden. Bihar gauzatu daiteke erabakitze eskubidearen zapalketa bat Debako udalean, eta alderdiek ez dute ulertu nahi aurrerantzean horrelakoak ez zaizkiela ordainik gabe geratuko.
Azken ahalegin modura, beheko manifestua plazaratu dute itziartarrek -neuk ere sinatu dut- eta atzo manifestazioa egin zen, nahiz hedabideek ez dioten asko erreparatu. Ea bihar zer gertatzen den!
Itziarri begirune
Esan ohi da Euskal Herrian denok garela lehengusu propio edo lehengusu txiki. Herritarren artean sortzen diren arazoekin ere berdin gertatzen da. Han gertatu edo hemen gertatu arazoek antzekotasun asko izaten dituzte. Eta, batean edo bestean, irtenbideak ere ez dira elkarrengandik arrotzak, guztiek dute ahaidetasunen bat gizalegearekin eta elkarrekiko errespetuarekin.
ELKAR ULERTU EZINA ETA ULERTU BEHARRA
Distantzia bat dago batetik bestera, baina fisikoa ez ezik baita bakoitzaren nortasunari edo interesei dagokiona ere. Eta horrelakoetan gertatu ohi denez kosta egiten zaie elkar ulertzea Itziarri eta Debari. Honela, duela 25 urte, Itziarrek bere bidea egin nahi izan zuen, baina bidera atera zitzaion Deba, esanaz, ezetz, Itziarrik gabe Deba ez zela bideragarri.
Politikariak lehenengo, epaileak gero, eta azkenik legeak ere, arrazoia eman zioten Debari. Udalerri berean egotea tokatuko zitzaien biei. Etxe berean elkarri bizkarra emanda bizitzea hain da, ordea, tristea, mutua, nekagarria, hutsala. Elkar ulertzera kondenaturik daude Itziar eta Deba.
ADOSTASUNA ETA %95A
Luzaro gotortuta, eredu administratibo berria jorratzeari ekin zioten Deba eta Itziarrek duela hiru urte. Elkar ulertze prozesu emankor bezain aitzindariaren emaitza, Auzo Udal delakoa izan da, etorkizuneko elkarbizitza eredu adostua ahalbidetzen duena. Alderdi guztien elkartasuna bihotzez hartu zen Itziarren, eta zuzeneko galdeketan bozken %95ak aldekoa eman dute herritarrek. Bide polit bat egin da bada honaino iristeko.
TRISTURA, ISILTASUNA, NEKEA
Alderdi batzuren azken uneko posizio aldaketak, ordea, elkarri bizkarra emanda bizitzera kondenatu nahi ditu berriro ere Itziar eta Deba.
Haserrea ere eragin du Itziarren. Sekulakoa, eta arrazoiz. Banatzerik ez duenez, integrazioaren bidetik egin du saiakera. Elkarbizitza bat adostu nahi izan du, horretarako adostasun politiko zabalak bilatu ditu, bere borondatea demokratikoki azaldu du… Kontsentsuaren alde gehiago ematerik ez du komunitate batek. Hori ere alferrik bada arazoak ez du irtenbiderik.
ITXAROPENA
Pertsonak bezala herriek ere itxaropenaren baitan egiten dugu aurrera. Euskaldunok ere egun bizi dugun aro politiko berrian adostasun zabalak lortzean eta demokraziaren lanketan jarria dugu balioa. Prozesu lokal zabal eta partehartzailearen ondoren, eskala txikian gauzatzeko gai ez garena, nola izango da, ordea, posible nazio mailan? Horrelako esperantzak guk geuk zapuztuta, zer zilegitasun daukagu besteei gurekiko praktika ereduzkoa eskatzeko?
EMAN EREDU
Bai, formulek balio bera dute karratu handi eta txikientzat. Hala, handian salatzen ditugun jokabideak ezin ditugu txikian geuk egin. Ez da gizalegezkoa Itziar gutxiestea, herriak sokan lotuz elkarbizitza itotzen dela salatzen dugun bitartean. Herri bezala itxaropenari eutsi nahi bazaio, etxetik eredu ematea dagokigu, komenientziazko salbuespenei tarterik eman gabe. Herri guztiek merezi dute begirunea. Eta Itziarko %95ak zerbait gehiago ere bai: Auzo Udala.
Manifestu hau sinatzen dugunok herrien garapen eta bizikidetzaren alde gaudelarik bat egiten dugu Itziarrek abiatu duen bidearekin, eta eskatzen diegu Debako Udaleko alderdiei arren bermatu dezatela Auzo Udal proiektua. Gizarte prozesu eratzaileek babes politiko ausartak eskatzen dituzte.