Goiena, 2014.02.28
TOKIKOMen ia bi urte eman ditugu gogoetan, komunikazioaren etorkizuna usaintzen eta euskal hedabideek egin beharreko ibilbidea antzematen. Eta aukera garbia ikusi dugu denon artean talde funtzional sendoa eraikitzeko, herri erakundeekin lankidetzan. Egitasmo posible horri deitu diogu ‘euskal hedabideen etxea’.
Eta egitasmoa hedatzearekin batera, etxearen beheko solairuan –toki komunikabideei dagokienean- obretan hasi gara. Abenduan aurkeztu zen goiena.net berria, eta teknologia bera erabiliz agerkariak Tolosaldean, Sakanan eta Durangaldean. Aste honetan berriz tokatu zait beste bi agerkarien aurkezpenetan egotea: urumeako kronika, Hernani inguruan eta uriola.info Bilbon.
Kasu guztietan sumatzen da ilusio berritu bat, 90. hamarkadakoaren antzekoa. Orduan toki komunikabideen lehen loraldia izan zen Arrasate Pressen eskutik, eta orain bigarren loraldia gertatzen ari da, neurri handian TOKIKOMek bultzatuta.
Oraingoan, gainera, bereziki interesgarria da tokiko ekimena uztartuta dagoela marko orokor batekin, ‘etxea’ren ideiarekin. Horrela eraginkortasuna irabazten da eta indarra metatzen, euskararen mesedetan. Laster gehiago.