Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik

TOKIKOMen gogoeta taldea, 2013 udazkena

Ikus dokumentu osoa helbide honetan

XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia. Hain da hau horrela, komunikazio-egitura propiorik eraikitzen ez duen komunitateak kolokan duela biziraupena.

Bidegurutzean da euskararen komunitatea ere. Ez da bidean galdu, baina ez du etorkizuna ziur. Mundu berrian ezinbestekoa du informazioa landuko duen komunikazio-egitura sendo bat eraikitzea. Baditu horretarako osagai batzuk: hizkuntza garatua, herri ekimenez sortutako hedabideak, erakunde ahalmendunak, teknologiaren ezagutza… Orain behar ditu behintzat beste bi: norabide argia eta eragileen arteko lankidetza.

Bigarrena abian da, horren lekuko dira TOKIKOMen sorrera toki hedabideen azpisektorea ardazteko eta HEKIMENena, euskal hedabideen sektorean dinamika bateratuak sustatzeko.

Lehen osagaia –norabidea argitzea- izan da gogoeta honen helburua.

Abiapuntuan badago konbentzimendu bat: komunikabideen ordua da. Euskararen erabileran eragiteko modurik eranginkorrena eta errentagarriena delako, hizkuntza bera biziagotzen eta hiztunak ahalmentzen dituzten heinean. Eta aukera handia dagoelako euskal hedabideak egitura funtzionalean antolatzeko eta Euskal Herrian legokeen komunikazio talderik handiena sortzeko.

2012ko martxoan eratu zenean TOKIKOMi eman zitzaion egiteko potolo bat: bere bazkideen integrazioa lantzea. Eztabaida abiatzeko zirriborroa prestatu eta Jardunaldia egin zen ekainean, sektoreko 100 lagun bilduta. Ondoren hainbat tailer eta mintegi egin dira TOKIKOMen baitan, han identifikatutako korapiloen gainean.

Lana garatu ahala, ikerketa eta landa-lana gehitu zaizkio 2013aren lehen erdian, hainbat laguntzaileren eskutik. Prozesu osoaren ondorio da dokumentu hau. Lehen atalean neronek idatzi dut erabilitako ideien eta txostenen sintesia, eta ideia nagusiak TOKIKOMenak diren bezala, xehetasunen edo ñabarduren erantzukizuna nirea da. Atxikitako txostenetan, bakoitzak darama bere egilearen izena eta hauek dira bakoitza berearen erantzule. Biziki eskertzen diegu guztiei egindako lana.

Hauek dira sintesiaren ardatz nagusiak:

Informazioaren kontsumoa gazteengan

  • Hedabide tradizionalek sinesgarritasun txikia, tokikoek handiagoa
  • Informazioaren kontsumoa, azkar eta nahieran
  • Informazioa sarean, telebistan entretenimendua
  • Tokikoak garatuta dauden lekuan, euskarazkoen kontsumoa handiagoa

Tokikoen erradiografia

  • Kopuru batuak oso esanguratsuak dira; hedadura, zabala; irismena, handia
  • Ez dago eredu bateraturik, eta elkarren arteko harremana pobrea da
  • Dinamismoa nabari da azken hilabeteotan, gauzak mugitzen ari dira
  • Nabarmentzea komeni zaie, TOKIKOM marka orokortzea eta indartzea

Euskal hedabideen etxea/sistema

  • Hedabideak oso garrantzitsuak dira euskararen normalizazioan
  • Bidegurutzean dago komunikazioa bera, aukera dago antizipaziorako
  • Posible da lankidetzan euskal hedabideen sistema eraikitzea, eta horren  premia dago
  • Teknologiak aukera ezin hobeak ematen ditu
  • Eraikiko balitz, komunikazio talde erreferentziala litzateke Euskal Herrian

Etxearen planoak

  • Bi solairuko etxea; behean tokikoak saretuta, goian orokorrak, eta igogailuak gora eta behera, edukiak garraiatzen
  • Tokikoak eskualdeka multimedian bateratu, eraginkorrago izateko
  • Komunitatea protagonista, herritarrek eta eragileek sarbide zuzena
  • Teknologia eta sarea baliatu toki bakoitzean bolbora asmatu beharrik ez izateko

Finantzazio egonkorra

  • ‘Deialditik hitzarmenera’ leloak zer suposatzen du?
  • Hedabideen eta administrazioen arteko harreman eredu berria
  • Adostutakoaren gaineko lankidetza
  • Gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena uztartuta, dena da posible

Autoritatea

  • Neurketa sistema beregaina behar dute euskal hedabideek
  • Neurketak norabidea markatuko lioke ikerketari
  • Hortik gora: politikak proposatu? Hedabide publiko eta pribatuak uztartu?
  • Hedabideen eta Komunikazioaren Euskal Legea?

Puntu hauek garatzen dituen dokumentu osoa helbide honetan

Honenbestez, hau da toki komunikabideon proposamen irekia euskal hedabideen sektoreari eta herri erakundeei, lankidetzan abia gaitezen etorkizunera bidean.

Mikel Irizar

TOKIKOMen presidentea

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude