Goiena, 2013.11.22
Euskaltzale askoren oroimenean geratuko da Kike Amonarrizek ‘Tribuaren berbak’ saio berriaren lehen alean egin zuen kale-neurketa. Zutikako erregela handi bat hartu 0tik 10erakoa, eta kalean ibili zen –Debagoienean, portzierto- euskararen tamainaz galdezka: ‘10ean handiena badago (txinera), eta 0an txikiena (desagertutako azken hizkuntza) non kokatuko zenuke euskara?’ Eta jende gehienak 1 do 2ko mailan ezarri zuen adierazlea.
Baina erantzun zuzena 9a zen, izan ere euskara dago milioi bat hiztun edo gehiago dituzten munduko 400 hizkuntzen artean. Eta ikusi egin behar ziren jendearen aurpegiak! ‘Sekula ez nuen esango’ eta antzekoak ateratzen zitzaizkien.
Hainbeste negar egin dugu euskararen gainean, barneratu ere egin dugula txikitasun eta gutxitasun sentimendua, eta horrek are txikiago eta gutxiago bihurtu gaitu. Aldiz, baditugu motiboak gure euskaltasunaz harro egoteko. Egindakoa ez da broma eta daukagun mailarekin egin dezakegu aurrera duintasunez. Hori bai, lokartu gabe eta ezer oparitu gabe, konfiantzarekin eta irribarrez, beti euskaraz tinko. Eta Kikek jarraitu dezala asteazkenero gure konfiantza elikatzen!