Goiena, 2013.07.05
Frankismoan klandestino genbiltzala, amets egiten genuen. Euskal herritar guztiak ginen euskaldun, debekuak bakarrik galarazten zigun hala agertzea.
Amets hura errealitateak birrindu zuen, baina berriak piztu genituen. Aski izango zen euskarazko eskolak eta eskolak euskaraz paratzea denok euskaldun izan eta euskaraz jarduteko. Hau ere amets.
Beste argi bat ere piztu zitzaigun: alderdi abertzaleek salbatuko zuten euskara, independentzia zen bidea. Euskaltzale berdin abertzale? Ez derrigorrez. Eta alderantziz? Ejem!
Ametsak amets, uste dut ez dagoela etsipenerako arrazoirik. Hizkuntza bera inoiz baino osatuago daukagu, eta sekula egon ez den esparru eta mailetan dabil, ondo suelto. Botila erdi betea dago.
Hori bai, egin dezagun amets neurrian. Auskalo inoiz iritsiko den Euskal Herri euskalduna, baina badira gune eta sare euskaldunak. Landu ditzagun. Amets unibertsala ahaztu gabe, eskura ditzagun helburu hurbilak.
Eta, batez ere, ezabatu dezagun kopetako zimurra. Ondoratzen ari den itsasontzira inor gutxi igoko da. Gure ahalmenen gaindikoa bigarren mailan jarri, eta egunero egin dezakegun hori egin dezagun. Euskaraz nonahi.