Goiena, 2013.06.07
Euskararen normalizazioa hartzen dugu helburu euskaltzaleok, nahiz ez dagoen beti argi zer litzatekeen bakoitzarentzat hizkuntza normaltasuna. Niretzat zer den ondo azaltzen duen adibide bat bizi izan dut berrikitan Aretxabaletan.
MUk Ikus-entzunezko ikasketen campus berria inauguratu zuen duela pare bat aste. Eta gonbidatu multzo polita bildu zuen ekitaldirako, tartean Cristina Uriarte sailburua eta Martin Garitano diputatu nagusia. Hitzaldien txandan, ziento bat lagunen aurrean, aurkezleak ongi etorria eman zigun eta ondoren hitza hartu zuten bi agintariok, udal ordezkariak, dekanoak eta errektoreak. Denak hasi eta buka euskaraz, naturaltasunez, aipatu ere egin gabe, normal.
Euskarak zenbat egiten duen aurrera, hortxe adibide garbia: hizkuntzari erreparatu gabe, ekitaldiari dagokion ordezkaritza kualifikatua bildu eta aitzakiarik edo desenkusarik gabe normal normal euskaraz egitea, ekitaldiaren parte formalean bezala informalean.
Ze horretarako ez da aski hizkuntzaren ezagutza, erabakitasuna behar da, jarreran dago giltza. Hain zuzen horrelako jarrerak orokortzen diren neurrian hurbilduko da euskara normaltasunera.