Goiena, 2013.04.12
Ez dut uste pertsona batzuk berez onak direnik eta beste batzuk txarrak. Errazegia litzateke. Aldiz, sinetsita nago denok daukagula aukera gauza onak eta txarrak egiteko. Eta bakoitzak landu dituen balioen arabera ateratzen dugula egoera baten aurrean gure onena edo txarrena.
Eta, pertsonekin bezala, uste hau daukat gizarteekiko ere, alegia, kultura kolektiboak eta egoeraren nolakoak ateratzen dutela gizarte baten handitasuna edo miseria.
Azken boladan zaborraren kudeaketa bihurtu da gure miseriaren adierazle. Gai teknikoa da, teknikoki erraz samar konpontzeko modukoa, nahiz egia den gizarte eredu ezberdina dagoela soluzio bakoitzaren atzean. Eta hor beharrezkoa zen ereduen gaineko eztabaida zentzuzkoa, jasangarritasuna bilatzea koste ekonomiko eta sozialen artean.
Baina alderdikeriak gaiztotu du gaia, marra gorriak gainditzeraino. Berez teknikoa den gaia bihurtu da hil ala bizikoa, alde bakoitzak aldarrikatzen du arrazoi osoa eta ustez zilegi zaio bestearen gainetik berea jartzea, kosta ahala kosta. Kultura kolektibo eskasa daukagu gaiak adosteko eta alderdien jokoak gure gizartearen alderik txarrena bistaratu du.
Ieppa!
Zer moduz Mikel? Gu bizi.
Ados zure ikuspuntuarekin, baino ez bakarrik zabor kudeaketan, ia gai guztietan gauza bera gertatzen ari da. Adostasunik ez dago ez bada hirugarren baten proposamenaren kontra joateko. Irtenbidea ez dut ikusten. Suposatzen dituzun zeintzun diren gure beste alor guzietan gauza bera, gatazka artifizialak, gehiegikeriak, …antzerki hutsa orokorra da. Funtsean ezer ez. Karramarroarena ari gara. Herbeste intelektuala beharko ote? …. non biziko nintzake zugandik aparte.
Besarkada handi bat bioi!
Epa Carlos!
Egia da, bai. Borroka berri bat hasi da hegemonia politikoa lortzeko, eta tentsio aldi bat dator. Nik bi gauza eskatu/exijituko nituzke:
1. Euskara eta euskal kultura borrokatik kanpo geratu dadila, oinarri komun bat adostu eta hori blindatu dezagun denon artean.
2. Eta bestelako gaietan, konfrontazioak ez ditzala gainditu elkarbizitza sanoaren mugak, zaborrarekin zoritxarrez gainditzen ari diren bezala.
Animo!