Goiena, 2013.03.08
Lagun batek gonbidatuta etorri naiz Mediterraneoko irlara, aurreiritziz josita etorri ere.
Uste nuen turismo neurrigabeak honezkero ondatua izango zuela ingurunea, eta nortasuna ere ez zela oso indartsu ibiliko biztanleen herena jatorri alemaniarrekoa duen komunitatean. Gainera, ziur nengoen agintari ustelen soka jasan izanaren eragina ere nabarmena izango zela edonon. Errematerako, bertako txorimaloak nahikoa ez eta abizen euskalduneko aristokrata berria bueltaka dabil epaitegira, hiriburuaren izen ona kakazten. Konbentzituta nengoen lagunarengandik penak entzungo nituela gehien bat.
Eta, nire pozerako, aurkitu dut oso bestelako Mallorca bat. Herri dotore askoak, turistei baino herritarrei begirakoak; ingurune bikaina eta zaindua, oin bidez zeharkatua ibiltari ugarien zorionerako; herritar abegikorrak eta direnarekin harro, katalan hiztunak guk pozik hartuko genukeen neurrian…
Ulertzen ez dudana da nola bozkatzen duten bozkatzen dutena. Lagunak ere ez dauka horrentzat azalpen argirik eta, makalaldietan, aipatu izan du gurean eskatuko duela babes politikoa. Egunotan ikusi dudanarekin, ni prest etxe trukerako.