Goiena, 2013.02.08
Ez da giro bazterretan, urte zaharreko kontuak itxi eta berrirako aurrekontuak egiteko orduan. Iazkoa ez da izan erabateko hondamendia, baina oro har dezente ukituta utzi ditu balantzeak. Alegia, askorentzat ez dagoela marjinarik beste urte txar baterako. Baina aurreikuspen guztiek diote urte berrian aldagai gehienek behera egingo dutela. Orduan?
Ia edozein jardun-esparrutan dira gauzak horrela, baina ni euskalgintzaz ari naiz. Laino beltzak daude nonahi. Eta afrontua gogortuko delakoan bakoitza ari da bere neurriak hartzen: gastu hau murriztu, jarduera hura kendu, soldatak jaitsi, EREak… Biziraupena helburu.
Baina horrekin batera ezinbestekoa dugu burua altxatzea eta gora begiratzea, laino bako parajeen bila. Eta euskalgintzarentzat argi daude ostarteak: gure arteko lankidetza, besteekiko lehiakortasuna, erakundeekin kontzertazioa, herri-ikuspegia sendotzea eta herritarrak mobilizatzea, diplomazia politikoa…
Une honetan uste dut iraute soilak ez dakarrela biziraupena. Eta, aldiz, afrontuak berak sortzen dituela aukerak orain arteko posizioa hobetzeko. Zuhurtzia bezainbat behar dugu ausardia etorkizuna irabazteko.