Karrika 2013.02.07
Urte bukaera oso mugitua izan da Topagunearen inguruetan. Azaroan Kongresua egin genuen, hiru urteko hausnarketa-prozesua errematatzeko. Hausnarketa horri esker, orain 30 urte lehen euskara elkarteek hasitako bidean jauzi garrantzitsua egin dugu: elkarteen federazio soil izatetik mugimendu trinko izatera.
Kongresuaren ondoren asko da partekatzen duguna, batuago gaude, indartsuago gara. Eta aipagarria izan da prozesu horretan nafar elkarteek izan duten parte hartze aktiboa, inplikazio erabatekoa eta adostasunerako gaitasuna. KARRIKIRI elkartea puntan ibili da prozesuan eta azken emaitzetan.
Beste horrenbeste esan daiteke toki hedabideen gainean. Urte hasieran sortu zen TOKIKOM, toki komunikabideen bateragunea izateko borondatearekin. Eta lehen txanpan 20 bazkide bildu bazituen, azaroan bertan eginiko Batzar Nagusian beste 10 bazkide elkartu ziren proiektura.
Hemen ere nabarmena izan da nafar komunikabideen presentzia eta konpromisoa: Topagunearen baitakoak biltzeaz gain, Euskalerria Irratia bera ere bazkide egin zaigu! Benetan pozgarria izan da. Eta, bateratasun horri esker, dagoeneko TOKIKOM hasi da tresna indartsua izaten, bai barne antolamenduan eta baita kanpo ordezkaritzan.
Une berezia?
Une honetan oparotasunik ez dago inon. Aurrekontu publikoak uzkurtzen ari dira eta, gehienetan, euskararen atala jaisten da besteak bezainbeste edo gehiago. Batzuetan -eta ahalegin handia eginda- lehengoari eustea lortu izan da, baina ez dezagun ahaztu lehengoari eusteak ez duela inoiz egoera okerra zuzentzen.
Hortik harago, nafar gobernuaren politika izaten ari da suntsitzailea euskararekin, eta bistakoa da euskararen aldeko mugimendu nafarrak bizi duen larritasuna. Baina aldi berean nabari da gainbehera horri aurre egin nahia, besterik gabe amore ez emateko jarrera. Sarreran aipatzen nituen datuak lirateke horren adierazle.
Gauzak horrela, baliabide ekonomikoak urritu ahala, antolamenduak errotik aldatu beharko dira gizartea aktibatzeko helburuarekin. Historiak erakusten du dirua eraginkorrago dela borondate sendo baten mesedetan jartzen denean eta, alderantziz, diru soilak ez duela ordezkatzen gizartearen –pertsonen- borondate falta. Hain zuzen, horixe litzateke gure artean hedatu beharreko galdera: badago, badugu borondaterik?
Nafarroan bai?
Ikuspegi horretatik dago egina izenburuko galdera. Badago Nafarroan erabakitasun nahikorik egoera iraultzeko? Eta erantzuna baiezkoa balitz, uste dut has gaitezkeela urratsak egiten. Hausnarketarekin biziberritu ditugun euskara elkarteak prest daude nafar euskaltzaleen topagune izateko, tokian tokiko estrategietatik abiatuta mugimendu orokorrean txertatzeko, dinamika lokalak eta orokorrak uztartuta.
Eta berdin toki komunikabideak, Nafarroan euskararen eroale bereziki garrantzitsu izan direnak, hain zuzen horregatik suntsipenaren jomugan jarriak. Bateratu izanak indartu egin dizkigu ahalmena eta borondatea. Une honetan osagaiak baditugu erronka potoloei heltzeko, Iruñerrian esaterako.
Beraz, Nafarroak esan beza.