Ahulezia-metaketa

Ereiaro, 2013.01.30

Sarri erabili izan da indar-metaketa kontzeptua, estrategia bateratzaileak adierazteko. Alegia, bakarka ezin dena elkartuta erdietsi daitekeela azaltzeko. Gustatzen zait, baina badu bere gurutzea: indarra behar da, besteenarekin metatzeko.

Eta euskalgintzaren baitan hara eta hona nabilen honetan, esango nuke indarra baino ahulezia dela ugariago. Higadura dezente nabari da bazterretan, faktore askoren eraginez: aspaldikoen nekea, berrikuntzarik eza, murrizketak eta erasoak…

Ahulezia bai, baina ez etsipenik. Euskaltzalea ez dago amore emateko, eta geratzen zaion kemen apurra eskaintzeko prest dago, besteen apurrekin metatuta eraginkor izan dadin.

Hortik sortu zitzaigun, joan den astean, ahulezia-metaketa kontzeptua. Nafarroako toki komunikabideen bileran ari ginen erreakzionatzeko aukerak aztertzen, etsipenaren itsaslaminei entzungor. Eta ohartu ginen ahulezia ere metatu daitekeela indarra sortzeko. Areago, ahulak errazago metatuko duela bere indar apurra besteenarekin, indartsu berekoiak baino.

Bileran zen Euskalerria irratia ere. Lizentzia behin eta berriz ukatu diotelako (atzo azkenengoz) ahuldua. Baina bere ahulezia besteonarekin metatzeko prest. Beraz, luze gabe erreakzionatuko dugu. Bitartean, animo!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude