Goiena, 2013.01.11
Epailearen peluka azpitik ikusi nuen Oñatiko
Tobera, Iñuzente egunean. Barru-barrutik, beraz. Eta eroso, On Prudentziori
bai zegokion egun horretan lan egitea, ez niri.
Barrutik ikusita, ederra izan zen Tobera.
Iazkoaren aldean mugitua, elkarrizketa eta tiki-taka ugarirekin. Hasieran
kezkatu egin nintzen, antzezleak motz geratuko ziren beldurrez. OnPru bera oso
ondo ezagutzen dut eta badakit non dauden bere mugak. Baina gauzak txukun joan
ziren eta antzezle oso onak ere bazeuden tartean.
Egia da formatuak eskatzen zituela
elkarrizketa arinak, eta topiko ia guztiak erabili zirela gidoian. Agian testuek
ez zuten iazko sendotasunik, han ideia gehiago zegoen, hizkera jasoagoa. Baina
jendearen barreek eta txaloek argi erakusten dute hori dela bidea.
Tobera egonkortu egin da. Lehena izan zitekeen
txiripa, bigarrenak erakutsi du ezetz. Ondo zaindu beharko da bide luzea egin
dezan, arriskuak saihestuz.
Eta azken epaiaz bi hitz. OnPru oso legala da
eta gidoiak zioena bota zuen. Baina , ikusita pilotalekua beteta eta
oñatiarrek erakutsi zuten aldartea –taula gainean eta harmailetan- argi
daukat: Oñati irten zen Toberan garaile.