Argia, 2012.12.02
Topaguneak hiru urte darama eraldatzen,
euskararen normalizazioan eraginkorrago izateko. Bide horretan, geltoki
garrantzitsua izan zen 2011ko Kongresua, han adostu baitzen ikuspegi berria.
Berriki burutu dugu II. Kongresua, eta bertan
ikuspegi hori ekarri dugu eraldatzeko bide zehatzetara. Eraldabide horiek
bateratu egiten gaituzte, mugimendu bihurtu. Eta, beraz, indartu. Baina
zertarako?
Euskararen normalizazioan 30 urteko ziklo bat
amaitu da eta ziklo horrek uzten du, lorpen handiekin batera, topea jo izanaren
sentsazioa. Dagoeneko hausnarketa eta berrikuntza dabil han-hemenka euskalgintzako
eragileen artean, topea gainditu eta ziklo berri bati indartsu ekiteko.
Bidegurutzeak ziurgabetasuna sortzen du eta
krisi ekonomikoak, larritasuna. Biak ere akuilu onak gurdia mugiarazteko. Baina
badaude faktore gehiago ere bilakaeraren alde:
·
Aro politiko berriak
lankidetzarako aukerak zabaltzen ditu herri erakundeen eta gizarte eragileen
artean, iraganeko botere-kontrabotere dialektika gaindituta.
·
Jakinduria handia metatu dugu
hizkuntza normalizazioaren gainean, disziplina ugaritan: soziolinguistika,
psikolinguistika, gizarte psikologia, diskurtsoen garapena, komunikazio
estrategiak…
·
Beste hainbat esparrutan ere normalizazio
prozesu azkarrak ezagutu ditugu: feminismoa, ekologismoa, homosexualen
eskubideak…
Gauzak horrela, adostu beharko genuke
egitasmo bat, 30 urteko ziklo berri baterako. Egitasmoaren hezurdura litzateke plangintza
potente bat: helmugako helburua, jardunbideak eta palankak, baliabideak eta
epeak, funtzio banaketa, neurketa sistema zorrotza…
Egitasmoaren giharra izango litzateke
euskalgintza berri bat, gizartean eta erakundeetan ondo txertatua, bi esparruen
arteko lankidetza sustatuko lukeena eta gizarte osoari irekia, gizarte osoan
eragiteko.
Azkenik, hezurdura eta gihar horiek behar
duten bihotza izango da euskal hiztun ahalmendua, jantzia eta antolatua, ekintzailea,
euskaraz biziko dena bizipozez, agoniarik gabe.
Topaguneak hiru urteko ibilbidean metatu duen
indarra emango du ziklo berria abiatzen. Eta animatu nahi ditugu euskaltzaleak,
gizarte eragileak eta erakundeak egitasmoaren oinarriak elkarrekin jarri
ditzagun.
Gure iraganarentzat etorkizuna eskatzen zuen
Txepetxek, Kongresuan omendu genuen liburuan. Euskarari etorkizuna emango diogu
indarrak batuta, lankidetzan.