Soinujole erdalduna

Atzo Victoria Eugenian ikusi nuen
‘Soinujolearen semea’. Eta Tanttaka taldearen taularatze ederraren gainetik nagusitu zitzaidan
hizkuntzarekiko harridura. Ze antzezpenean gaztelaniaz mintzo dira amerikanoak,
guardia zibilak eta fatxak, eta baita haiekin ari diren euskal hiztunak ere.
Zer dela eta? Zergatik sartu gaztelania barra-barra euskal liburu baten euskal
bertsioan? Ez al da euskara hizkuntza konpletoa, edozein egoera dramatiko
adierazteko beste? Derrigorrez behar al du gaztelaniaren makulua grazioso edo
adierazkor izateko? Edota, John Waynek eta indioek euskaraz egiten badute, zergatik ez
du euskaraz egin behar polizia torturatzaileak?

Akatsa ez dago hizkuntzan, baizik hiztunengan.
Hiztun desorekatuek ez dute sinisten bizitzaren edozein zirkulu osorik euskaraz
egin daitekeenik. Ez diote euskarari nahikotasunik aitortzen.

Atzokoan kezkagarriena, ordea, kanpoan zegoen, irteeran.
Ikusle asko nituen ezagunak eta inor gutxi asaldatu zen kontu honekin.
Haientzat ere normala zen euskara ortopedikoa.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

9 erantzun Soinujole erdalduna-ri

  1. egilea: iturri

    Kaixo, tokaio!

    Hasiera batean, niri ere arraroa egin zitzaidan hainbeste gaztelania entzutea euskarazko antzezlan batean, baina gero konturatu nintzen (edo ulertu nahi nuen) gure gizartearen isla baino ez dela taula gainean ikusitakoa. Bai Euskal Herrian, baita Estatu Batuetan ere: protagonistaren aita erdalduna da eta Estatu Batuetara doan Josebak ez du ingelesez egiten.

    Hala ere, gustatuko litzaidake jakitea zenbat euskara entzungo den datorren asteazkenean Victoria Eugenian bertan taularatuko den “El hijo del acordeonista” antzezlanean.

    Hau da, ez litzateke askoz hobeto bertsio bat egitea, bat eta bakarra nagusiki euskaraz, baina gaztelaniaduna ere?

    Arazoa: Espainiako Estatuan zer egin…. zeren hemendik kanpo eskaintzeko asmoa ere egongo da.

    Enpin!

  2. egilea: asier

    Ni erdibidean nago. Egia esateko, antzezlanean ez zidan belarriko min nabarmenik egin. Hori bai, etengabe aritu nintzen pentsatzen “liburuan ez dago hainbeste erdararik; derrigorrezkoa zen?”. Errealismo puntua eman diezaioke, benetakoago. Baina uste dut Mikelek arrazoi osoa duela. Kolonialismoaren erakusgarri da. Gaztelania dagoeneko ‘gure’ egin dugu eta ez zaigu bitxia suertatzen euskarazko antzerki batean %30-40 gaztelaniaz izatea. Gaztelaniazkoan ez da euskararik entzungo, ziur ezetz. Horrelaxe gaude, bada. Hezur muineraino kolonizatuta.

  3. egilea: mikel

    Mikel asko eta txarrik bat ere ez!

    Ulertzen diat hire ulertu nahia, baina arrisku handia zagok hor. Oraingoa islatzeko joera nagusituko balitz, ez ginateke oraingotik mugituko, ez? Eta mugitu nahi diagu, edo?

    Euskal hiztunok nahikotasuna behar diagu mundua (hurbilekoa eta urrunekoa) euskaraz irakurtzeko eta azaltzeko. Hori duk normalizazioa, hizkuntza politiketatik harago.

  4. egilea: mikel

    Justu Mikeli erantzuten ari nintzela sartu haiz, Asier. Hirekin bat natorrek, zer esanik ez.

  5. egilea: Patxo Telleria

    “SOINUJOLE ERDALDUNA” artikuluari erantzuna.

     

    Kaixo adiskidea. Patxo Telleria naiz, “Soinujolearen Semea”-ren egokitzapena egin duena. Min eman omen dizu gaztelaniaren erabilpena antzezlan honen euskarazko bertsioan, eta hausnarketa batzu egin nahi ditut. Hasteko, argi gera dadin: bai, euskera hizkuntza konpletoa da eta edozein egoera dramatiko adierazteko beste. Gutxiegitasun konplexurik batere ez, hortaz. Orain gaia ikuspuntu dramaturgikotik aztertuko dut (politika linguistika orokorraren arlo konkretu bat, besterik ez).

     

    Bernardo Atxagaren nobelan gastelaniarik ez da agertzen, egia da. Pertsonaiek euskeraz egiten dute gehienetan (inglesez, batzutan). Eskenaratzerakoan, pertsonai batzuk (une konkretuetan) gastelaniaz egitearen beharra ikusi genuen. Zergatik nobelan ez eta antzezlanean bai? Sinesgarritasun neurri desberdina dutelako. Adibide bat. Mary Annek (emazteak),  ez daki euskeraz, eta hori nahitaezko baldintza da istorioan. Nobelan Mary Annek euskeraz kontatzen du hori, arazorik gabe. Zergatik? Nobelan “urruntasuna” dagoelako. Nahiz eta pertsonaiak irudikatu, mundu abstrakto batean daude, gorpuztu gabe. Baina sinistu daiteke taula batean hezur haragizko pertsonai bat esaten: “Ez dakit euskeraz”?  Kontxo!! Ze hizkuntzaz ari ote zara ba, orduan, une honetantxe??

     

    John Waynek eta indioek pelikula (bikoiztutako) batean inolako arazorik gabe euskaraz entzun baditzakegu –galdetzen duzu-, zergatik ez, eta arrazoi handiagoz, bertoko istorio batean? Hara, hain zuzen ere bertokoa delako. Jendea, egoerak, hizkuntza eremuak eta abarrak ondo ezagutzen ditugulako. Kondenatuta gaude, bada, euskeraz lan bat egiten dugunean, euskera eta gastelania nahastera? Ez, jakina. Kasuak eta kasuak daude. Dozenaka adibide ipini nezake orain, baina ez zaitut nekatu nahi.

     

    Zure artikuluari buruzko erantzunen batean, batek galdetzen du, ironiaz edo,  ea gastelaniazko bertsioan gauza bera egingo ote dugun. Horra erantzuna: ez, gastelaniazko bertisoan dena gastelaniaz doa. Bertsioaren kaltetan!! Gastelaniazko bertsioan ñabardura asko galtzen dira. Adibide bat (askoren artean): soinujolea, hau da, aita, euskalduna da izatez, emazteak euskeraz egiten dionean honek ederki ulertzen dio, baina gastelaniaren aldeko apustu politikoa egin duenez, gastelaniaz ariko da denbora guztian, salbuespen batekin: ama hil denean semeak telefono dei bat egingo dio. Orduan aita zahartu eta abailduak euskeraz egingo dio, semea afektiboki berreskuratu nahiean. Zergatik ukatu mikroistorio hau (guztiz erreala) kontatzeko aukera, gure lana “gastelaniarekin ez zinkintzeagatik”?

     

    Lan honetan euskera gutxietsi dugula uste omen duzue, eta gure ustez guztiz kontrakoa da.  “El hijo del acordeonista” pobreagoa da “Soinujolearen Semea” baino. 

     

    Jaso besarkada bat.

     

    Patxo Telleria.

     

     

     

  6. egilea: mikel

    Kaixo Patxo!

    Asko estimatzen dizut zure ikuspegia luze azaldu izana. Eta balekoak zaizkit zure arrazoiak… alde dramatikotik. Hor ez daukat arazorik. Aldiz, hizkuntza normalizazioaren ikuspuntutik bizi dugun -eta batzuk bizi nahi ez dugun- diglosia islatzen du obrak, gaindituta ikusi nahi genukeen egoera bat. Zein ikuspuntu nagusitu behar den, hori eztabaida amaiezina litzateke. Zuek bat aukeratu duzue, eta nik bestearen falta azpimarratu dut.

    Bai argitu nahi nuke puntu bat. Zure erantzunean aipatzen duzu ‘euskera gutxietsi dugula uste omen duzue’ eta hori ez da behar bezain zehatza. Gutxiespena baino ‘nahikotasun eza’ edo ‘gutxitasuna’ aipatzen nituen nik. Hau soziolinguistikako kontzeptu bat da eta azaltzen du nola hizkuntza baten hiztunak bizi badira hizkuntza indartsuago baten baitan barneratu egiten duten ahultasun egoera hori eta horren arabera jokatzen (ez du kontziente izan beharrik ere). Kontrakoa da nahikotasuna edo asertibitatea, eta bere ezaugarri nagusia da hain justu egoera desorekatua aldarazteko determinazioa eta hautua. Euskal kultura adibide asertiboz beteta dago, zorionez.

    Barkatu txapa teorikoa. Eleaniztuna naiz eta hizkuntzen arteko elkarbizitza dut maite. Eta hizkuntzak nahastea gustatzen zait simetria dagoenean, edozein norabidetan egin daitekeenean. ‘Soinujolean’ ez da hori gertatzen, zerorrek diozunez. Antzerkiak irabaziko zuen, euskararen normalizazioak ez.

    Eta, Patxo, inork ez du esan ‘gaztelaniak zikindu’ egiten duenik, ahaztu sasi-polemika zahar horiek. Gaur eta hemen hizkuntzen arteko indar-erlazioez ari gara, hiztunen baitako korapiloez eta hizkuntza hautuez. Eta horretan asko daukagu hobetzeko euskal hiztunok. Denok.

    Besarkada bat.
    Mikel Irizar

  7. egilea: patxo telleria

    Ederto, Mikel.

    Milesker zuri ere zeure azalpenengatik. Hontzat hartzen ditut zuzenketak. Egia da eztabaida luze eta nekosoa dela hau. Esan nizun bezela, nire argudioak ikuspuntu dramaturgikotik eginak izan dira, ez alferrik, izan ere azterturiko gaia antzezlan bat da eta.

    Soziolinguistikaren arloko zure argudioei buruz, ados nagoela besterik ez dut gehitu behar.

    Ondo izan!

    Patxo Telleria 

  8. egilea: JJ

    Interesgarria eztabaida. Eta egokia gainera.
    Nik ez dut antzerkia ikusi oraindik, baina batzuon eta besteon argudioei erreparatuta, iruditzen zait obrarentzat egokia dela espainiera erabili izana, beharbada gehiegizko tartea eman zaion arren.
    Ni ez naiz antzerkizaleegia, baina bai Telleria-Martinez bikotearen jarraitzaile. Egundoko ekarpena egiten diote, diozue, euskarari eta euskaldunon estimu zulatuari, egundokoa.
    Eta horratx proosamen lotsagabe bat: zergaitik ez abertzaleen eta “hizkuntza ofizialen” arteko harreman bitxiez obra bat? Hori bai, egoera eta jokabide nagusiak aurkeztu ahal izateko Ttanttaka osoa beharko zenukete behar bada…

    Osasuna barra-barra!

  9. egilea: iturri

    Kaixo.

    Gaur arte ez ditut hemen utzitako komentarioak irakurri eta hara non ikusi dudan Patxo Telleriak ere utzi dituela pare bat mezu.

    Nik galdetzen nuen ea gaztelaniazko bertsioan zein izango zen euskararen tokia. Eta ez, ez zegoen inolako ironiarik. Jakin-mina baino ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude